Gizartea -

CERN

LHC azeleragailu erraldoia martxan dago berriro, zientzia mugara eramateko prest

Azken hiru urteak itzalita eman ditu. Bere gaitasunak areagotzeko lan egin dute adituek. Hadroi azeleragailua osatzen duten teknologia bakoitza hobetzen saiatu dira.

Hadroien talka-eragile handia martxan dago berriro Genevan (Suitza). Argazkia: EFE
Hadroien talka-eragile handia martxan dago berriro Genevan (Suitza). Argazkia: EFE
Hadroien talka-eragile handia martxan dago berriro Genevan (Suitza). Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Partikula Fisikaren Europako Zentroko (CEFRN) hadroien talka-eragile handia historiako garapen zientifiko garrantzitsuenetako bat da, eta 2008an martxan jarri zuenetik konspirazio teorien jomuga izan da; klima aldaketa eragin duela, unibertsoa irensteko kapaz diren zulo beltzak sor ditzakeela edo denbora makina bat bezala funtzionatu dezakeela, esaterako.

Gaur, hadroi azeleragailua (LHC) berriro martxan jarri dute. Azken hiru urteak itzalita eman ditu. Bere gaitasunak areagotzeko lan egin dute adituek. Hadroi azeleragailua osatzen duten teknologia bakoitza hobetzen saiatu dira, Jose Miguel Jimenez (Atarfe, Granada, 1968ko abenduak 13) CERNeko Teknologia Arloko buruzagiak Efe albiste-agentziari eskainitako elkarrizketan azaldu duenez.

Zeintzuk dira azeleragailuaren ezaugarri harrigarrienak?

Adierazle guztiak ia bakarrak dira munduan. Protoien energia azeleragailu batean sekula lortu den handiena da, iman sistemen tenperatura zeroz azpitik 269 gradukoa da ia 24 kilometroan, 150 tona helio likido, guztiak kopuru ikaragarriak dira.

Sortak bildutako energia 700 kilo kobre segituan urtzeko gai izango litzateke. Parametroak teknologia bakoitzaren mugan daude, imanak, kriogenia, supereroankortasuna eta hutsa.

LHCren ekarpenak zein neurritan lagunduko du materia iluna ulertzen?

Partikula fisikaren eredu estandarra agerian utzi zuen Higgs Bosoiaren aurkikuntzak (partikula guztiei masa ematen die). Unibertsoko masaren % 4,5-5a osatzen du.

Gure unibertsoaren % 95a zertaz osatzen den ez jakitea sinestezina ematen du. Materia iluna gure unibertsoaren % 20-25 litzateke, edonola ulertu behar dugu.

Geldialdi honetan materia iluna zeharka aztertzeko bi detektagailu jarri ditugu.

LHCren ziklo berriak 2025era arte luzatzea espero da. Zer etorriko da ondoren?

Azeleragailuaren kostuak optimizatzen jarraitzea da ideia. Aurkikuntza gaitasun guztia agortzeko 2040ra arte martxan egon beharko luke, eta talkak areagotu inbertsioa amortizatzeko.

Aurrekoarekin alderatuta, zenbat egingo dute gora LHCren talkek?

Aurreko zikloan segundoko 600 milioi talka genituen, eta orain ia hamar aldiz biderkatzea espero dugu, sorten bizitasuna eta distira areagotuz.

CERNaren inguruko konplot teoriak beti izan dira. Sinesten dituztenei zer esango zenieke?

Gezurrak dira. Azpiegituran babes mekanismoak ditugu. Hutsegiteren bat gertatzen denean sistema guztiak milisegundo eskasetan gelditzeko aukera dugu.

Zulo beltz bat sortzeko aukeren inguruan, Nobel saridun batzuk aztertu eta baieztatu dutenez, Unibertsoan zulo beltz txikiak sortu eta berehala desegiten dira. Modu berdinean, guk zulo beltz txiki bat sor genezake, baina ia-ia berehala desagertuko litzateke, gure atmosferatik at egunero gertatzen den bezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Nazioartea Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Suitza Zientziaren hedapena