Gizartea -
Bizkaia
Iturriko ura ez edatea gomendatu dute Bermeoko zonalde batzuetan
Almikeko tratamendu estazioak huts egin du, eta ura uhertu da alde zahar, portu zahar, merkataritza-gune, Askatasuna eta Zarragoitxiko etxebizitzetan.
Agentziak | EiTB Media
Bizkaiko Ur Partzuergoak Bermeoko herritarrei iturriko ura ez edatea gomendatu die herriko zonalde batzuetan; izan ere, Almikeko tratamendu estazioak huts egin du, eta ura arretu da.
Partzuergoak agiri batean jakitera eman duenez, alde zahar, portu zahar, merkataritza-gune, Askatasuna eta Zarragoitxiko etxebizitzetan ura uhertu da.
Zonalde horietara edateko ura eramateko kamioiak bidali ditu Partzuergoak, hornidura normaltasunera itzuli bitartean bizilagunen premiazko beharrizanak asetzeko.
Iturriko ura arretu dela atzeman duenetik Partzuergoak sarean purgak eta konponketak egin ditu, arazoa murrizteko saiakeran.
Bestalde, arazoa guztiz konpontzen denean jakinaraziko dutela erantsi du Partzuergoak. Gainera, edozein zalantzaren aurrean, 94 487 31 87 telefonoaren bidez Partzuergoarekin harremanetan jartzea eskatu du.