Gizartea -
UKRAINAKO GERRA
2.000 errefuxiatu ukrainar inguru iritsi dira EAEra, baina Jaurlaritzak ez du etorrera handirik aurreikusten
Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko jarraipen mahaiaren bileraren amaieran Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak azaldu duenez, 40 familiak eskatu dute harrera fasea atzean utzi eta beren etxebizitza izatea.
EITB MEDIA
Ukrainako gerra hasi zenetik 57 egun betetzen diren honetan, Ukrainatik Euskal Autonomia Erkidegora iritsi diren errefuxiatuen inguruko datua berritu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 2.000 inguru iritsi dira. Dena dela, Eusko Jaurlaritzak ez du aurrerantzean etorrera handirik aurreikusten.
2.000 pertsona horietatik 1.800 batek nazioarteko babesa eskatu dute (1.108 heldu eta 692 adin txikiko) eta 1.500 batek, Osakidetzako txartela. Gainera, 422 haur matrikulatu dira EAEko ikastetxeetan: 216 Gipuzkoan, 127 Bizkaian eta 79 Araban.
Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak eman ditu datu horiek, Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko jarraipen mahaiak egin duen bileraren ondoren, Lehendakaritzan kazetarien aurrean egin duen agerraldian. Batzar horretan parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako sail ezberdinetako hainbat ordezkarik, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eta errefuxiatuekin lan egiten duten gobernuz kanpoko sei erakundek (Zehar Errefuxiatuekin, CEAR, Gurutze Gorria, ACCEM, Ellacuria Fundazioa eta Caritas).
Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko jarraipen mahaiaren bileraren ostean Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak esan duenez, errefuxiatuek egonkortasuna nahi dute, eta dagoeneko batzuek eskatu dute harrera fasea atzean utzi eta beren etxebizitza izatea. Testuinguru horretan, Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, hasiera batean 40 etxebizitza inguru beharko dira eskari horri erantzuteko.
Lide Amilibiaren hitzetan, egoera "egonkorra" da. Bestalde, jarraipen mahaiak datorren asteko bileran erabakiko du Kontingentzia Plana luzatu (egun indarrean dagoena apirilean amaituko da) edo, egoeraren arabera, beste plan bat onartu.
Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko jarraipen mahaiaren hurrengo bilera asteazkenean egingo dute, osteguna San Prudentzio izaki Araban jaieguna delako.