Gizartea -
SEXU ABUSUAK
Hiru neraberi sexu abusuak egitea leporatuta atxilotutako masajista donostiarra auzipetu egin dute
Auzipetze autoak dio sexu askatasunaren kontrako delitua egin zuenaren zantzuak daudela. 9.000 euroko fidantza ezarri diote, gerora erantzukizun zibilak badaude ere, baina behin-behinean libre jarrai dezakeela ere ebatzi dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hiru neska adingaberi sexu-abusuak egiteagatik iazko maiatzean atxilotu zuten masajista donostiarra sexu askatasunaren aurkako delitu egile gisa auzipetu du kasua ikertzen ari den epaitegiak eta 9.000 euroko fidantza ezarri dio, balizko erantzukizun zibila ziurtatzeko. Dena dela, behin-behineko askatasunean jarrai dezakeela ebatzi du auzitegiak.
Auzipetze-autoak jasotzen duenez, 2020ko otsailetik aurrera, ikertuak 15, 13 eta 14 urteko hiru nerabe ezagutu zituen, eta masajeak jasotzea "eskaini" zien, "izan zitzaketen tentsioa, antsietatea eta estresa kentzeko".
"Mezularitza mugikorreko aplikazioen bidez" jarri omen zen haiekin harremanetan. Masajeekin lotutako elkarrizketak izan omen zituen eurekin eta bere lokal profesionalera joateko esan zien.
Adingabeen konfiantza bereganatu ondoren, masajeak "benetan eraginkorrak" izateko genitalak edota sexu inguruak "masajeatzea" beharrezkoa" zela esan zien.
Dokumentu judizialaren arabera, "geroago bestelako kalifikazioak sor daitezkeen arren, jada dauden kriminalitate zantzu arrazionalak kontuan izanda, sexu askatasunaren kontrako delitutzat jo daiteke gertatutakoa".
Akusatuak errekurtsoa aurkeztu du autoaren aurka, instrukzio-fasean oraindik egiteko dauden ikerketa-eginbideak burutzeko eskatuz eta epaia bera artxibatzeko eskatuz.