Gizartea -
Polizia-operazioa
Mila landareko kalamu plantazio bat desegin dute Trapagaranen
26 eta 42 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte osasun publikoaren aurkako delitua eta argindarrarekin iruzurra egitea egotzita.
agentziak | eitb media
Ertzaintzak industriagune batean ezkutatuta zegoen kalamu plantazio bat desegin du, eta 1.000 landare eta hamar kilo kukulu atzeman ditu. Plantazioaren ustezko arduradunak, 26 eta 42 urteko bi gizonezkoak, atxilotu egin dituzte osasun publikoaren aurkako delitua eta argindarrarekin iruzurra egitea egotzita.
Ertzaintzak egunak zeramatzan Trapagarango industrialdeko pabilioia zaintzen, legez kanpoko jardueraren bat egiten ari zela susmatzen baitzuen. Hala, eta bi gizonezkoren mugimenduak ikusita, asteazkenean atxilotu egin zituzten eta pabilioian sartu zirenean egiaztatu zuten barruan marihuana landaketa bat zegoela, 900 landare baino gehiagorekin. Gainera, lehorrak zeuden 10 kilo kukulu aurkitu zituzten, poltsa txikietan banatuta, saltzeko prest.
Ertzaintzak jakinarazi du landareak hazteko erabiltzen zituzten gailuetarako argindarra legez kanpo eskuratzen zutela. Ondorioz, osasun publikoaren aurkako delituaz gain, iruzurra ere egozten diete atxilotuei. Atzo arratsaldean utzi zituzten Barakaldoko guardiako epailearen esku.