Gizartea -

Abortua

Kliniketara abortatzera doazen emakumeak jazartzea delitu da gaurtik

"Haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea oztopatzea" eta emakumeak nahiz klinika horietako medikuak jazartzea hiru hilabete eta urtebeteko espetxealdiarekin zigortuko da, bai eta komunitatearen aldeko lanekin ere.

Legeak emakumeen segurtasuna eta intimitatea bermatu nahi du.
Legeak emakumeen segurtasuna eta intimitatea bermatu nahi du.
Legeak emakumeen segurtasuna eta intimitatea bermatu nahi du.

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haurdunaldia borondatez eteteko klinika batera doan emakume bat edo abortua praktikatzen duten profesionalak jazartzea delitua da ostegun honetatik aurrera, eta hiru hilabete eta urtebete arteko espetxealdiarekin edo komunitatearen aldeko lanekin zigortuko da.

Estatuko Aldizkari Ofizialean asteazkenean argitaratu den Zigor Kodearen erreformak "haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea oztopatzea" eta emakume bat "bere askatasuna kaltetzen duten ekintza gogaikarri, iraingarri, larderiatsu edo hertsagarrien bidez" jazartzen duena zigortzea du xede.

Abortuak egiten dituzten osasun-profesionalei eta haurdunaldia eteteko gaitutako zentroetako zuzendarien kontrako jazarpena ere zigortzen du. Kliniken aurrean bildu ohi dira bizitzaren aldeko elkarteetako kideak. 

Legearen arabera, zentro horien inguruan "ezinbestekoa da segurtasun-eremu bat bermatzea", emakumeen intimitatea, askatasuna eta segurtasun fisiko eta morala bermatzeko, bai eta haien sexu- eta ugalketa-eskubideak bermatzeko ere.

Jazarpena ikertzeko ez da beharrezkoa izango salaketarik, eta kasuaren larritasunaren arabera, halaber, sei hilabete eta hiru urte bitartean leku jakin batzuetara joateko debekua ezarri ahal izango dio auzitegiak kondenatuari.

Legeak nabarmentzen du Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak jarraitzen direla, izan ere, abortatzea erabakitzen duten emakumeen konfidentzialtasuna ziurtatzeko eskatu zuen OMEk. Haurdunaldia Eteteko Klinika Akreditatuen Espainiako Elkartearen 2018ko txosten bat ere jasotzen da, zeinak ohartarazten zuen milaka emakumek irainak eta mehatxuak jasan izan dituztela klinika horietara hurbildu direnean.

Talde parlamentario sozialistak bultzatutako araua joan den apirilaren 6an onartu zen Senatuan. PPk eta Voxek aurka bozkatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Diputatuen Kongresua PSOE Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Senatua