Gizartea -
indarkeria matxista
Emazte ohiarenganako urruntze agindua zuen gizon batek 11 urteko semea hil du Valentzian
Umeak asteburua aitarekin igaro ostean, amak bila joatean eman du abisu, ez baitiote aterik ireki. Gizonak emazte ohiarenganako urruntze agindua zuen indarrean. Atxilotuta dago orain, epailearen esku gelditzeko zain.
agentziak | eitb media
47 urteko gizon batek 11 urteko semea hil du labankadaka, ustez, Valentziako Sueca udalerriko etxebizitzan, Guardia Zibilak Europa Press agentziari berretsi dionez. Agenteek erasotzailea atxilotu dute.
Igande honetako 14:00ak aldera izan da, 112 zerbitzuak abisua eman du orduan. Guardia Zibila eta Suecako Udaltzaingoa bertaratu dira eta, etxebizitzan sartzean, hilik aurkitu dute adingabea.
Antza denez, umearen amak eman du abisua, asteburua aitarekin eman baitu eta, horren bila joan denean, ez diote aterik ireki.
SAMU zerbitzuko mediku talde bat ere bertaratu da, Valentziako Erkidegoko Osasun Sailaren arabera. Osasun langileek adingabearen heriotza berretsi dute, eta biktimaren ama eta amona ere artatu behar izan dituzte.
Atxilotua Suecako Guardia Zibilaren kuartelera eraman dute, eta epailearen esku utziko dute hurrengo orduetan. Gizonak emakumearenganako urruntze agindua zuen indarrean.