Gizartea -
Eguraldia
Euria eta giro ezegonkorra, maiatzaren 1eko zubian
Dena dela, udaberri garaiko tenperatura nagusituko da, termometroak 15-20 ºC-ren bueltan kokatuko dira.
Erredakzioa
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak euria eta giro ezegonkorra aurreikusi ditu maiatzaren 1eko zubirako, dena dela, udaberri garaiko tenperatura izango da nagusi. Tenperatura maximoak 15-20 ºCren bueltan kokatuko dira eta minimoak, berriz, 5-10 ºC inguruan.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, Afrika iparraldetik depresio atmosferiko bat helduko da Bizkaiko Golkora eta horrek datozen egunetan euria utziko duen fronte bat ekarriko du.
Iragarpena, egunez egun
Larunbata, 28: Giro euritsua nagusituko da. Prezipitazioa denean egingo du eta etengabe botako du gainera. Litekeena da, halaber, trumoi-ekaitzak jotzea eta zenbait tokitan mardul botatzea, baina, egunaren bukaeran atertzen hasiko da. Tenperatura freskoa izango da, maximoak 15 ºC-ren bueltan ibiliko dira.
Igandea, 29: Laino asko izango da eta ekaitzak sor daitezke. Tenperatura maximoak apurka apurka igotzen joango dira. Haizeak hegotik joko du eta mendialde nabarituko da gehien.
Astelehena, 30: Zerua estalita egongo da, goizeko lehen zatian, batik bat, eta prezipitazio arinak izango dira, ekialdean batez ere. Haizeak hegoaldetik joko du, kostaldean ufada zakarrak izango dira eta arratsaldean indarra galduko du. Tenperaturari dagokionez, ez da aldaketarik izango, igandean izango denaren antzekoa izango da.
Asteartea, 1: Litekeena da goizaldean laino gutxiago izatea eta ostarte batzuk sortzea, baina arratsaldean, zerua estali egingo da eta zaparrada arinak botako ditu, ekaitzak ere sor daitezke. Hegoaldeko haizea nagusituko da eta, batik bat, mendialdean nabarituko da. Tenperatura maximoak apur bat igoko dira.