Gizartea -
EGURALDIA
Elurragatik abisu horia ezarri dute EAEn eta alerta laranja Nafarroan ostiralerako: 400 metrora egingo du
Ostegun gauean aktibatuko dituzte abisuak, eta ostiralean egun osoan zehar egongo dira indarrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean eta ia Nafarroa osoan. Baliteke Gasteiz eta Iruñea zuri ikustea ostiralean.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Udaberria hasi berritan, negu giroko eguraldia izango dugu jaun eta jabe datozen egunetan. Elurra egingo du kota baxuetan: ostegunean 600 metro inguruan kokatuko da maila, eta ostiralean 400 metrora, une jakin batzuetan 200era jaitsi daitekeela ohartarazi badute ere. Hala, Euskamet Euskal Meteorologia Agentziak ostiralera arte luzatu du elurragatik ezarritako abisu horia. Bestalde, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak alerta laranja aktibatuko du Nafarroako erdialdean eta isurialde atlantikoan.
Abisua ostegunean, 20:00etan, aktibatuko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean eta Pirinioetan. Elur kota 600-800 metrora egongo da gauean. Ostiralean are gehiago jaitsiko da, eta 200-400 metrora kokatuko da, eta egunaren erdiko orduetan 400-600 metro inguruan.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, ostegunean, elur maila 1000-1200 metro inguruan egongo da; gauean jaitsi egingo da azken orduetan 600-800 metrora kokatu arte. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago isurialde atlantikoan, non zenbait lekutan prezipitazioa ugaria izango den. Ipar partean baliteke trumoi ekaitzak jotzea eta txingorra egitea, bereziki egunaren bigarren partean.
Arabako erdialdea, Gipuzkoako barnealdea, Ebro ondoko eskualdea, Bizkaiko barnealdea egongo dira abisupean, eta 0-5 zentimetroko elur geruza pila daiteke 1.000 metrora, baina hortik behera ez da metatuko.
Ostiralerako, zaparrada txiki-ertainak espero ditu Euskalmetek, sarriago botako ditu eta prezipitazioa ugariagoa izango da isurialde atlantikoan. Trumoi ekaitzak jo eta txingorra egin dezake, bereziki isurialde atlantikoan. Aurreikusitako lodierak honakoak dira: 10-30 cm 1.000 metrora; 5-15 cm, 600 metrora, eta 0-3 cm, 200 metrora. Hala, Gasteiz (525 metrora dago), zurituta ikus genezake.
Aemetek alerta laranja ezarriko du ostiralean Nafarroako Kantauri isurialdean eta erdialdean; Pirinioetan abisu horia izango da indarrean (10 zentimetroko lodierak pilatuko dira 900 metrora). Nafarroa erdialdean bi zentimetroko elur geruza meta daiteke 500 metrora; horrenbestez, baliteke Iruñea (450 metro) elurtuta egotea. Nafarroako Kantauri isurialdean lau zentimetroko lodierak aurreikusi dituzte 400-600 metrora.