Gizartea -
M29-an zauritua
Joseba Nafarrate: 'Kontatu duen bertsioak kalte egingo dio Aresi'
Greba orokorrean larri zauritu zen gaztearen aitak uste du Herrizaingo sailburuak "astakeriak" esan zituela atzo Legebiltzarrean egindako agerraldian.
Erredakzioa
Xuban Nafarrateren (martxoaren 29ko greba orokorrean larri zauritu zen gaztea) aitak, Joseba Nafarratek, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak semea zauritu zenean izan ziren gertakariez emandako bertsioa gezurtatu du eta, lehenago edo beranduago, bertsio hori kontatzeak kalte egingo diola uste du, izan ere, "lekukoek eta bideoek agerian uzten dute gezurretan ari dela".
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Nafarratek azpimarratu duenez, "ikaragarria da Aresek, Ertzaintzaren arduradun gorena eta arduradun politikoa den heinean, horrelako astakeriak esatea". Herrizaingo Sailburuak esan zuen Nafarrate Ertzaintzarengandik ihes egiten ari zenean erori eta zauritu zela.
Joseba Nafarrateren bertsioa horren "kontrakoa" da, eta "gertatutakoa kontatzera ospitalera etorri ziren lekukoen kontakizunean oinarritzen da".
Zauritutako gaztearen aitak uste du sailburuak Ertzaintzaren bertsioa sinetsi besterik ez duela egiten, baina "zalantzan jarri beharko luke, hori da egin beharra duena".
Nafarrate familiak defendatzen duen bertsioaren arabera, Ertzaintzaren pilotakada batek zauritu zuen Xuban eta hori frogatzen duen bideo bat aurkeztu dute epaitegian, eta "ziurrenik" bideo hori erabiliko dute maiatzaren 9an Eusko Legebiltzarrean egingo duten agerraldian".
Iñigo Cabacas
Bestalde, Joseba Nafarratek salatu duenez, "Aresek Cabacasen inguruan egindako agerraldian erakutsitako jarrera ikaragarri harroa izan zen eta lekukoak gezurretan ari zirela esan zuen, eta horrelako gauzak onartezinak dira Legebiltzarrean".
Hori horrela, "familiaren sufrimendua errespetatzeko" eskatu dio sailburuari, izan ere, "agerraldiaren erdia Ertzaintzaren kontrako kanpaina bat dagoela esaten pasatu zuen. Nola esan dezake hori? Errespetua eskatzen diot eta hitz egin dezala hitz egin behar duenaz, ez dadila ezkutatu".