Gizartea -

ARABA

Hiru pertsona hil dira Okondoko baserri batean izandako sutean

80, 82 eta 85 urteko neba-arrebak, bi gizon eta emakume bat, dira hildakoak. 04:30 aldera piztu da sua Markuartu gaineko baserri batean, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko.

Sutea Okondoko baserri batean. Argazkia: @ikersalgadoser1
Sutea Okondoko baserri batean
Familia bereko hiru kide hil dira Okondoko baserri batean izandako sutean

0:44

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sute larria izan da bart Okondon (Araba), eta familia bereko hiru pertsona hil dira, Alberto Amenabar Arabako suhiltzaileen buruak Euskadi Irratian baieztatu duenez.

Bi gizon eta emakume bat dira hildakoak, 80, 82 eta 85 urteko neba-arrebak. Hirurak bizi ziren baserrian, eta, antza denez, lotan harrapatu ditu suak.

04:30ean piztu da sua Markuartu gaineko baserri batean. Ordu horretan jaso dute abisua larrialdi zerbitzuek, eta Laudioko eta Iruña Okako suhiltzaileak bertaratu dira. Iritsi direnerako, ordea, guztiz kiskalita zegoen, eta gerora eraikinaren aurreko aldea eta teilatua eraitsi egin dira. 

Sua itzali dute, baina Amenabarrek azaldu duenez, hozte lanetan aritu dira barrura sartu eta gorpuak erreskatatu ahal izateko. Ondoren, hiru hilotzak atera dituztela baieztatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Suhiltzaileak hondakinak ateratzen ari dira hirugarren pertsona hori aurkitu ahal izateko. Bilaketa lanak luzatzen ari dira, zutik gelditu diren lau hormak erortzeko arriskua handia delako. Orain arte atera ahal izan dituzten bi pertsonak lehen solairuan ari ziren lo egiten, baina eraitsi egin denez behean aurkitu dituzte.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Jon Eskuza Okondoko alkatea bertara joan dira, gertaturikoa bertatik bertara ikusteko.

Ahaldun nagusiaren esanetan, gertaturikoa "izugarria" da, eta orain urte asko izan zen Araban horrelako sute bat azkenengoz. Jon Eskuzak, bere aldetik, esan du herria "shock egoeran" dagoela gertaturikoagatik. Doluminak emateaz gain, beren babes osoa agertu diete bi agintariek senideei.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarraren sarreran kazetarien galderei erantzunez adierazi duenez, hiru pertsona bizi ziren baserrian, eta, ustez, hirurak zeuden barruan. Bi atera dituzte, "kiskalita", eta hirugarrenaren bila ari dira.

Sua zerk piztu duen galdetuta, oraindik argitzeke dagoela eta hori ikerketak argitu beharko duela erantzun du Erkorekak.

Suhiltzaileak ez ezik, ertzainak eta larrialdietarako zerbitzuak ere berturatu dira.

Hiru anai-arreba hil dira Okondoko baserri batean izandako sutean
Hiru anai-arreba hil dira Okondoko baserri batean izandako sutean
Hiru anai-arreba hil dira Okondoko baserri batean izandako sutean

0:07
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Suteak albisteak Laudioko albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Suhiltzaileak azken ordukoa Aiarako kuadrilla