Gizartea -
Delituak
Bi gazte espetxeratu dituzte Barakaldoko borroka batekin eta Getxoko lapurreta batekin lotuta
Hilketa saiakera eta baimenik gabe armak edukitzea egotzi diete biei.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
22 eta 27 urteko bi gazte atxilotu dituzte Barakaldon asteburuan izandako borroka batekin lotuta, zeinetan bietako batek errebolber bat atera zuen. Ertzaintzak, halaber, Getxoko etxebizitza batean izandako lapurreta baten egiletza ere leporatu die. Bi delitu horiekin lotuta, espetxean sartu dituzte.
Barakaldoko Zaballa kalean atxilotu zituzten iragan larunbatean, 04:00ak aldera. Esan bezala, borroka batean parte hartu zuten, eta horietako batek errebolber batekin egin zuen mehatxu, tiro egitera iritsi ez bazen ere, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Gauzak horrela, hilketa saiakera eta baimenik gabe armak edukitzea egotzi diete biei.
Bestalde, urte hasieran Getxon izandako lapurreta batekin ere lotu ditu Ertzaintzak bi gazteak.
Atzo, epailearen aurrera eraman zituzten, eta Basauriko kartzelan sartzea agindu zuen hark.