Gizartea -
Ukrainako gerra
Ertzaintzak eta udaltzaingoek Ukrainarekiko elkartasunarekin erlazionatutako ziberiruzurrez ohartarazi dute
Euskadin orain arte salaketa bakarra jarri dute, baina kasu gehiago egon daitezke.
EITB MEDIA
Ertzaintzak eta udaltzaingoek Ukrainarekiko elkartasunarekin erlazionatuta dauden ziberiruzur posibleez ohartarazi dute. Segurtasun Sailak adierazi duenez, ziberdelitugileak herritarren laguntzaz baliatu dira hainbat erakunde ordezkatzeko eta, hartara, dohaintzak desbideratzeko.
Gainera, instituzioek ohartarazten dute ez dela erraza iruzur baten biktima izan garela konturatzea. Izan ere, emaileak inoiz ez du jakiten zer gertatu den bere dohaintzarekin. Horregatik, garrantzitsua da donazioak GKE egiaztatuen edo beste bide ofizial batzuetatik bideratzea.
Euskadin salatu den kasu bakarra adingabe batena da. Haren esanetan, bere telefono mugikorretik eta bere baimenik gabe, 322 mezu bidali dituzte, mezuen balioa 200 eurokoa izanik. Orain arte kasu bakarra salatu den arren, ikertzaileek uste dute kasu gehiago izan direla eta biktimak oraindik ez direla iruzurraz jabetu.
Pandemian, ziberkriminalek kasu batean baino gehiagotan hartu zuten erakunde ofizialen lekua, besteak beste, datu pertsonalak lortzeko eta osasun-materiala eta txertaketa ziurtagiri faltsuak saltzeko.