Gizartea -
GERRA UKRAINAN
Dagoeneko Ukrainatik heldu diren 35 haur daude EAEko eskoletan
Bildarratzen arabera, baina, zenbakia aldatuz doa une oro. Ikasgeletan integratu aurretik, laguntza psikologikoa zein beste laguntza mota batzuk eskaintzen zaizkie haur horiei, "gainerako ikasleekin ahalik eta ondoen integratu ahal izateko".
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, une honetan Ukraniatik iritsi diren 35 haur daude EAEko eskoletan, "baina zenbakia aldatuz doa une oro".
Gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Ukrainatik datozen haurrak eskolatzeko zenbait prozedura ezarrita dituztela jakinarazi du sailburuak, eta lurralde-ordezkaritzen eta eskolatze-batzordeen bidez arautzen direla.
Ildo horretan, lehentasunezkotzat jotzen dutena ume eta gazte horiek nolabaiteko erreferentzia duten eskola-espazioetan integratu ahal izatea. Gainera, ikasgeletan integratu aurretik, laguntza psikologikoa zein beste laguntza mota batzuk eskaintzen zaizkie, "gainerako ikasleekin ahalik eta ondoen integratu ahal izateko".
Gaur-gaurkoz 35 badira ere, zenbaki horiek oso aldakorrak direla onartu du sailburuak, egunero-egunero iristen direlako errefuxiatuak Euskadira. Era berea, bolondres asko daudela gogorarazi du, Ukrainara joan eta errefuxiatuak ekartzen dituztenak. Sailburuaren ustez "haur horiek zenbat eta lehenago etorri, eta zenbat eta lehenago eskolarizatu, hobe", bizi izandako bizimodua apur bat xamurtze aldera.
Gogoratu behar da iragan astean Ukrainako errefuxiatuak hartzeko lehen kontingentzia plana aurkeztu zutela Euskadiko erakundeek. Horren ildotik, lehen aste hauetan Ukrainako 500-700 pertsona errefuxiatu artatzeko agertoki bat prest dute. Hala ere, pertsona gehiago helduko balira, bigarren agertoki bat prestatu dute erakundeek; konkretuki, 700-1.500 pertsona ala 1.500-3.000 edo gehiago hartzeko, aurreikuspenik handienean.