Gizartea -

Koronabirusa

Jaurlaritzak memoria batean errepasatu ditu pandemiaren bi urteetako adierazle positiboak eta "hauskorrak"

Lehendakariak erakundeei emandako testuaren helburua "etorkizunerako ikasitakoa" zehaztea da. Ondorioen artean dago "sufritu" dugula, "baina Euskadik fidagarritasunez egin dio aurre".

Jendea kalean. Argazkia: EITB Media
Jendea kalean.
Jendea kalean. Argazkia: EITB Media

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

El Gobierno Vasco ha recordado que, en el contexto de la invasión de Ucrania, "la incertidumbre y la amenaza se ciernen otra vez sobre el mundo. Nuevamente, las palabras resistencia, resiliencia y solidaridad adquieren todo su sentido para poder sostener un buen pronóstico de futuro y esperanza".

Eusko Jaurlaritzak pandemiari eta Euskal Autonomia Erkidegoan izan den kudeaketari buruzko memoria bat egin du, Etorkizunerako ikasitakoak titulupean, Munduko Osasun Erakundeak pandemia egoera ezarri eta bi urtera. Iñigo Urkullu lehendakariak dokumentua utzi du Euskadiko Artxibo Historikoan, eta Eusko Legebiltzarrari, hiru unibertsitateei, Jakiunderi eta Eusko Ikaskuntzari eman die.

Lehendakaritzak egindako dokumentu luzearen helburua "etorkizunerako ikasitakoa" zehaztea da. Horretarako, kudeaketaren adierazle positiboak eta "hauskortasuna agerian utzi duten" eremuak errepasatzen ditu. Testuaren arabera, azterketa egiteko ezin da erreferentziatzat hartu zailtasunik edo akatsik ez izatea, covid-19aren pandemia bezalako ezuste baten aurrean "munduko herrialde bakar batek ere azterketa hori" gaindituko ez lukeelako.

Erakundeetatik haratago doa Eusko Jaurlaritzaren analisia eta, edozein kasutan, "ez geunden prestatuta horrelako larrialdi baterako" eta "saiakuntza-errore metodoaren arabera funtzionatu behar izan dugu", gaiaren gaineko aurrerapen zientifikoen erritmoan.

Lau aspektu positibo azpimarratzen ditu memoriak: erresistentzia, erresilientzia, elkartasuna eta etorkizunerako pronostikoa. Testuaren arabera, zerbitzu publikoek "kolpeari eutsi eta herritarren beharrei erantzun diete", eta adibide bezala txertaketa eta Hezkuntzan aurrez aurreko eskolei eustea jartzen ditu. "Sufritu dugu, baina Euskadik fidagarritasunez egin dio aurre", dio.

"Arazo, errore, krisi edo gabezia bakoitzak", jarraitzen du, "erantzun bat izan du, arrazoizko denboran eta eraginkortasunean", babesteko ekipamendu falta edo gizarte laguntzak eta kontingentzia plan ekonomikoak, kasu. Onartzen duenez, konponbideak, "askotan, ez dira perfektuak" izan, baina susperraldira eraman gaituzte.

Elkartasunari dagokionez, dokumentuaren arabera, herritar gehienak "bat datoz" bi urte hauetan hartutako neurriekin, eta ondorio horretara heltzeko adibidetzat testak egiteko prestasuna, txertaketa edo boluntariotza-ekimenak jartzen ditu.

Pandemiaz gain, Eusko Jaurlaritzak beste erronkak izan ditu denbora honetan, eta dokumentuan jasota dagoenaren arabera, egoera politikoa, instituzionala, aurrekontukoa eta zerbitzu publikoetakoa "sendoa eta egonkorra" da. "Pronostikoa positiboa da", dio.

Elementu "hauskorrak"

Balorazio positiboaren ostean, "hauskortasuna agerian utzi duten" beste eremu batzuk nabarmentzen ditu memoriak, baina Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen bakarra "zerbitzu propioei" dagokiena da. "Osasun publikoaren arloaren azpiegitura berriz pentsatu eta indartu behar da sistema osoaren barruan", adierazten du testuak. Era berean, Lehen Arretari eta zaintza sistemari "berrantolatu eta prestigioa" eman behar zaizkie.

Hobetu beharreko beste elementuak dira nazioarteko erakundeen aholkularitza zientifikoa ("giza baliabideei eta baliabide materialei eta ekonomikoei dagokienez" indartu behar dira), segurtasun juridikorik eza (legea erreformatu behar da), eta kogobernantza ("ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebiko harremanak funtzionatzea").

Etxekutiboak beste lau elementu zehatz aipatzen ditu, alde positibotik: egindako test kopuru altua; txertaketa maila; gizartearen "gehiengoaren konpromisoa prebentzio-neurriak betetzen", eta EAE "heriotza gutxien izan duen erkidegoetako bat" dela.

Nolakoak gara pandemiaren ostean?

Azkenik, dokumentuak krisi honetatik hobeto ala okerrago aterako garen galdetzen du. Ikuspuntu politikotik, arrakastarako beharrezkoa da "esfortzuak areagotzea trantsizio energetiko-klimatiko eta ekologikoan, trantsizio ekonomiko, teknologiko eta digitalean, eta trantsizio sozial, demografiko eta sanitarioan".

Prozesu horretan, memoria herritarrei zuzentzen zaie gizakion zaurgarritasuna onartzeko, eskuragarri dagoena baloratzeko, indibidualismoaren aurrean komunitate-zentzuaren garrantzia nabarmentzeko eta aurrerapen sozial eta ekonomikoa giza duintasunaren neurrira sustatzeko.

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi duenez, Ukrainaren inbasioaren testuinguruan, "ziurgabetasuna eta mehatxua munduaren gainean daude berriro. Berriz ere, erresistentzia, erresilientzia eta elkartasun hitzek zentzu osoa hartzen dute etorkizun eta itxaropen iragarpen on bati eutsi ahal izateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea