Gizartea -
UKRAINAKO GERRA
Hego Euskal Herrian errotutako ia 200 adin txikikok ezin dute Ukrainatik atera
Txernobyl elkarteak ahalegin berezia eskatu du Ukraina iparraldeko herri txikietan bizi diren haurrak ebakuatzeko.
EITB Media
Txernobyl elkarteak salatu duenez, 2019ko uda Euskal Herrian igaro zuten 192 haur ukrainar herrialdetik atera ezinda daude, Ukrainako gerra tarteko. Denak ere Euskal Herrian errotutako adin txikikoak dira, horietako batzuk 10 urtez etorri dira Euskal Autonomia Erkidegora edo Nafarroara. Hori dela eta, Txernobyl elkarteak ahalegin berezia eskatu du Ukraina iparraldeko herri txikietan bizi diren haurrak ebakuatzeko.
1996an hasi zen Txernobyl elkartea hondamendi nuklearrak kaltetutako eremutik haurrak ekartzen, eta duela hamar urtetatik Ivankiv eskualdeko herri txikietan ari da lanean.
Ivankiv eskualdea Poloniako mugatik 500 kilometrora dago. Distantzia hori eta familien baliabide falta aintzat hartuta, bertatik ihes egitea ezinezkoa dela dio elkarteak.
Elkartetik badakite asteak edo hilabeteak pasa daitezkeela Txernobyl inguruko familiak Ukrainatik atera arte, eta horregatik Europako 2001/55/EE zuzenbidea denboran mantetzea eskatu dute. Horren arabera, Europar Batasuneko estatu kideek ostatua eta sostengua eman behar diete Ukrainako errefuxiatuei.