Gizartea -

Nazioarteko titularrak

Juan Carlos erregearen 'elefante krisia'

Nazioarteko hedabideek estatuburuaren aurka egin dute, eta neska-laguna duela eta guzti argitaratu dute.

Juan Carlos erregea, Botswanan ehizetan.
Juan Carlos erregea, Botswanan ehizetan.
Juan Carlos erregea, Botswanan ehizetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako hedabideek txalotu egin dute Juan Carlos I.a erregeak barkamena eskatu izana, baina nazioartekoek haren aurka egiten jarraitu dute, eta hitz-jokoak eta guzti egin dituzte.

Financial Times egunkari britainiarra da horren adibide. Haren webgunean, honakoa irakur daiteke: "Spanish monarchy faces jumbo crisis", hau da, "Espainiako monarkiaren krisi erraldoia".

Hitz-jokoa "jumbo crisis" adierazpenean dago. Izan ere, "krisi erraldoia" esan nahi duen arren, Jumbo Parisko zoologikoaren elefante historiko bat ere bada.

BBC telebista-kate publikoaren webgunean, erregeak barkamena eskatu duela albiste irakurrienetakoa da. Testu horretan, hedabide britainiarrak azaldu du Espainiako Errege Etxea "garai zaila" bizitzen ari dela: "ez bakarrik erregearen bidaiagatik, baizik eta Iñaki Urdangarin suhia nahasitako ustelkeria eskandaluagatik ere bai".

Le Monde egunkari frantziarraren esanetan, monarkiaren irudia "urratu" egin da, 'annus horribilis' baten ondorioz. Gainera, Errege Etxea "ospe onekoa" zela eta "hedabideek babestu" egiten dutela gaineratu du.

AEBetako CNN telebista-kateak "ezohiko"tzat jo du erregeak barkamena eskatu izana, baina safariak "Espainian zein nazioartean" haserrea eragin duela esan du.

Urrunago joan den hedabidea La Stampa egunkari italiarra izan da. Izan ere, gogor kritikatu du estatuburuak safariak egitea espainiarrak krisiak jota dauden bitartean.

Are gehiago, duela lau urtetatik, erregeak emakume alemaniar batekin maitasun-harremana duela jakinarazi du. Hedabide horren esanetan, Corinna zu Sayn-Wittgenstein litzateke estatuburuaren neska-laguna, hau da, "bidaietan erregearekin doan eta atzerrian haren ordezkari lanak egiten dituen aristrokrata".  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea