Gizartea -
Elkarrizketa ETB-N
"Lege berriak berdintasunaren abiadura areagotzen" lagunduko duelakoan dago Emakunde
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak nabarmendu duenez, genero ikuspegia esparru guztietan txertatu behar da, "bikaintasunarekin, berrikuntzarekin" baitago lotuta.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Martxoaren 8 honetan, eta Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen Berdintasun legea hizpide, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak espero du arauak feminismoaren "abiadura areagotzea, oraindik asko dugulako egiteko".
ETB1eko "Egun On Euskadi" saioari eskainitako elkarrizketa batean, lege horren garrantzia azpimarratu du Landaidak: "Tresna estrategikoa da aurrean ditugun erronkei erantzun egokia emateko". Azaldu duenez, aurreko legea (2005ekoa) "aitzindaria" izan zen, baina oraingoan berdintasunean aurrera egiteko estrategietan sakondu dute, hezkidetza, zaintza edo enpresen munduari begiratuta, eta indarkeriaren alorrean, prebentzioa eta zaintza indartuta.
Aurrerapausoekin batera sortzen diren "erresistentziei" buruz galdetuta, Emakundeko zuzendariak esan du "oso larria" iruditu zitzaiola Vox alderdiak legearen kontra egin izana.
Bestalde, genero ikuspegia gizarteko esparru guztietan txertatzearen alde agertu da Landaida. Izan ere, matxismoa "eremu guztietan ematen da, batzuetan pauso nabarmenak eman ditugu, baina guztietan eman behar dira. Genero ikuspegia txertatzea bikaintasunarekin lotuta dago, berrikuntzarekin", azpimarratu du.
Azkenik, Emakundek M8rako aukeratu duen kanpainaren gaia (edertasun estandarraren presioa emakumeengan) ahotan, Landaidak azpimarratu du "beste etorkizun bat" eskaini behar diegula neskei, eta guztiok egin dezakegula zerbait presio horretatik kanpo bizi daitezen. Ohartarazi duenez, "horrelako mezuekin deshumanizazioa sortzen da, sekulako kaltea egin eta indarkeria eragiteko aukera ematen du".
"Berdintasun eza erroan dago, eta erro hori da aldatu behar duguna, baina ezin da egun batetik bestera egin. Hausnartu eta bakoitzak bere eremutik zer egin dezakegun pentsatu behar dugu. Adibidez, WhatsAppetik heltzen zaizkigun mezu horiek, kate hori, eten dezakegu", argudiatu du.