Gizartea -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Gaur amaituko da Hezkuntza lege berriaren zirriborroari zuzenketak aurkezteko epea
EAJ eta PSE-EE ados jarri dira eta testu bateratua erregistratuko dute Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk ere gaur aurkeztuko ditu bere ekarpenak. Elkarrekin Podemos-IUk titulartasun publikoa ziurtatzeko hutsuneak hauteman ditu. PP+Cs-ek, bere aldetik, 30 proposamen egingo ditu,
EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Hezkuntza Lege berriaren zirriborroari zuzenketak aurkezteko epea ostiral eguerdian amaituko da Eusko Legebiltzarrean.
Gobernu koalizioa osatzen duten bi alderdien arteko desadostasunak gainditu dituzte, EAJk eta PSE-EEk akordioa lortu dute eta testu bateratua erregistratuko dute, 11:45ean, Eusko Legebiltzarrean. PSE-EEren iturriek Euskadi Irratiari baieztatu diotenez, sozialisten proposamen garrantzitsuenak jasota daude.
EH Bilduk ere gaur aurkeztuko ditu bere ekarpenak.
Euskadi Irratiak Elkarrekin Podemos-IU taldearen dokumentuaren xehetasunak ezagutzeko aukera izan du. Koalizio morearen ustez, zirriborroak titulartasun publikoa ziurtatzeko hutsuneak ditu.
Titulartasun publikoko ikastetxeek euskal hezkuntza sistemaren ardatz izatea proposatu du Elkarrekin Podemos-IUk, 10 urte barru hegemonikoa izatea eta linea berriak irekitzekotan, titulartasun publikokoak izatea.
Eskola Segregazioarekin amaitzeko mekanismoak sortzea eta matrikulatzeko bulego bakarra irekitzea proposatu du eremu edo udal bakoitzean, ikasleen matrikulazio gardena eta orekatua bermatzeko. Euskarak hezkuntza sistemaren ardatza izan behar duela uste du, kohesio tresna ere badelakoan. Horrez gain, lanpostuak egonkortzea eta azpikontratrazioarekin amaitzea defendatu du.
PP+Cs-ek jakinarazi duenez, 30 proposamen aurkeztuko ditu lehenengo zirriborroa goitik behera aldatzeko asmoz. Talde horren esanetan, premiazkoa da haurrek haien ama hizkuntzan ikasteko askatasuna izatea.