Gizartea -

Epaiketaren bigarren saioa

Auzipetuak buruko gaitzen bat zuenik ukatu dute Gasteizko hilketa bikoitzaren biktimen lagunek

Haien senitarteko batek ere ziurtatu du akusatua "oso ondo" zegoela, ez zuela gaixotasunik, baina pertsona oso jeloskorra eta bekaizkorra zela. Halaber, esan du ez zuela umeenganako ardurarik erakusten.

Epaiketaren lehen saioa. Argazkia: EFE
Epaiketaren lehen saioa. Argazkia: EFE
Epaiketaren lehen saioa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen duela lau urte izandako hilketa matxista bikoitzaren biktimen lagunek eta senitartekoek hartu dute hitza epaiketaren bigarren saioan. Guztiek ukatu dute akusatuak buruko gaitzen bat zuenik, eta pertsona "kontrolatzailea, matxista, bekaiztia eta egoskorra" zela esan duten.

Arabako Lurralde Auzitegian ari dira epaitzen 2018ko apirilean ustez emazte eta amaginarreba ohiak labankadaz hil zituen gizona. Fiskaltzak 50 urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, bi hilketa delitu egotzita. Gainera, ahaidetasunaren eta generoaren larrigarriak ezarri dizkio fiskalak.

Herri akusazio gisa aurkeztu den Clara Campoamor elkarteak, berriz, 60 urteko zigorra eskatu du, bi delituetan basakeriaren larrigarria gehituta. Biktimaren familiaren abokatuak, bestalde, 55 urteko kartzela galdegin du. Honek ere basakeriaren larrigarria gehitu dio zigorrari.

Atzoko saioan, abokatuaren galderei soilik erantzun zien auzipetuak. Haren hitzetan, semeei ordaindu behar zien pentsioaren gainean sesioa izan zuen emaztearekin, 2017an banandu ostean. Horrek depresioa eragin ziola, lanean baja hartu behar izan zuela eta bere buruaz beste egiteko saiakera ere egin zuela adierazi zuen.

Gaur, bestalde, biktimen izeba eta ahizpak deklaratu du. "Akusatua oso ondo zegoen, ez zeukan buruko gaixotasunik. Gizon jeloskorra eta bekaizkorra zen. Ez zuen umenganako inolako ardurarik erakusten", azaldu du.

Biktimaren bi lagunek hartu dute hitza geroago. Biek ala biek onartu dute ustezko hiltzaileak ez zeukala inolako arazorik.

Auzipetuaren bi adiskidek ere deklaratu dute. Harekin bizitako hainbat momentu izan dituzte gogoan. Zehazki, ziurtatu dute behin baino gehiagotan esaten zuela emazte ohiak bizitza zapuztu ziola, eta sarritan erakutsi zuela hari (semeen bidez) min egiteko asmoa.

Biktimetako baten abokatuak ere hitz egin du. Biktimak kontatu omen zion gizonak haurrak "psikologikoki zapaltzen zituela", eta bisiten erregimena aldatu nahi zuela. "Elkarrizketa hartatik ondorioztatu nuen genero indarkeria kasu bat zela, eta gizonaren jokabideak okerrera egin zezakeela", aitortu du.

Bukatzeko, akusatuaren aitak ez du semearen aurkako testigantzarik eman nahi izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa