Gizartea -
nafarroako osasun plataforma
Milaka pertsona atera dira Iruñean osasungintza publikoaren alde
Nafarroako Osasun Plataformatik "osasungintza publiko eta unibertsala blindatzeko" eskatu dute.
agentziak | eitb media
Iruñeko kaleak bete dituzte milaka pertsonak ostiral honetan, osasungintza publikoaren alde eta hori indartzeko eskatuz, aurrekontu altuagoekin eta Osasunaren Foru Lege batekin.
Hala azaldu du hedabideen aurrean Felix Zabalza Nafarroako Osasun Plataformako kideak. "Osasungintza publiko eta unibertsala blindatzeko" eskatu du.
Osasungintza publikora bideratutako aurrekontuak areagotzeko aldarrikapena egin dute plataformatik, Lehen Arretan bereziki, "osasunera bideratutako kontuen portzentajeek berdinak izaten jarraitzen baitute".
Gainera, eskatu dituzte "plantillen sendotzea eta areagotzea, murrizketak berreskuratzeko eta herritarrak lanpostu egonkorra duten profesionalek artatuko dituztela bermatzeko, aurrez aurreko arreta gehiago benetako ratioekin eta administrazioko langile gehiago, kalitatezko arreta bermatuko dutenak".
"Pandemiak erakutsi digu inoiz baino beharrezkoago dugula Nafarroako osasun sistema publikoa eraldatzea eta hobetzea, eta orain da une hori", gaineratu du Zabalzak.
Horretarako, azaldu du beharrezkoa dela "legegintzaldi honetan Osasunaren Foru Lege berri bat onartzea, aipatutako egiturazko beharrei aurre egingo diena eta parte-hartze sozial zabalenetik landutakoa".
"Osasun sistema publiko sendo eta unibertsal baten aldeko apustua da geurea, lehen arretan oinarritua, politika guztietan osasuna duena, zergekin finantzatua eta desberdintasuna urritu eta herritargo osoarentzat bizi-baldintza duinak sustatuko dituena", adierazi du Zabalzak.
Era berean, premiazkotzat jo du "Nafarroako Osasun Sisteman lan-baldintzak errotik hobetzea".
"Plantillak egonkortu behar dira, behin-behinekotasun onartezina eten, kontratazioa duin bihurtu, zerbitzu batzuetako gainkarga murriztu, garbiketa bezalako lanpostu pribatizatuak eraldatu eta kolektibo askoren karrera profesionalaren bereizkeria eten", berretsi dute Nafarroako Osasun Plataformatik.