Gizartea -
Jaiak
Kaldereroek eta inude eta artzainek kaleak hartuko dituzte asteburuan
Inauterien bueltan, konpartsek kaleak girotuko dituzte. Otsailaren 18 eta 19an, kaldereroen txanda izango da, eta hilaren 20an, inude eta artzainena. Desfileak bi aste geroago izango dira, "egoerarik onenean" ospatzeko atzeratu ostean.
EITB Media
Bi aste geroago bada ere, asteburu honetan kaldereroen eta inude eta artzainen konpartsek Donostiako kaleak hartuko dituzte. Otsailaren 18 eta 19an, arratsaldean, kaldereroen txanda izango da, eta igande eguerdian, berriz, inude eta artzainena. Jaiak egun horietara atzeratzea erabaki zuen Donostiako Udalak, "egoerarik onenean" ospatu ahal izateko.
Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalaren desfilea Zuloaga Plazatik abiatuko da larunbatean, 18:45ean. Alde Zaharrean, kalez kale arituko dira batetik bestera, eta kanpamentua egingo dute ibilbide erdian, Konstituzio Plazan. Zuloaga Plazan amaituko dute desfilea, 21:20 aldera. Guztira, 19 tribuetako 284 kidek parte hartuko dute konpartsan.
Igandean, Kresalako Inude eta Artzainen Konpartsa irtengo da kalera. 12:00etan abiatuko dira Euskal Herria kalean duten egoitzatik, antzezpena eskainiko dute Konstituzio Plazan, eta egoitzara bueltatuko dira ondoren. Dantzari eta danborrarien artean, 180 pertsonako taldea osatuko dute.
Aurten, kaldereroen konpartsa tradizionala ez da bakarra izango; Zurriola Ikastolaren eta Txomingo kaldereroen konpartsak ere agerraldia egingo dute. Lehena Gros aldetik ibiliko da ostiral honetan, hilaren 18an, 15:00etan, eta bigarrena, Txomin aldetik, larunbatean, 18:00etan. Era berean, inauterietako larunbatean, hilaren 26an, Antiguotarrak Euskal Dantza Taldearen inude eta artzainen konpartsa aterako da kalera, 11:30ean.