Gizartea -
Ternua
Bederatzi arrantzale hil eta 12 desagertu dira Kanadan, Galiziako arrantza-ontzi bat hondoratuta
'Villa de Pitanxo' arrantza-ontzia Ternuan hondoratu da. 24 arrantzale zihoazen bertan, eta horietako hiru bizirik erreskatatu dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Galiziako arrantza-ontzi bat hondoratu da goizaldean Ternuan (Kanada), eta bertan zihoazen 24 arrantzaleetako bederatzi hil dira. Hamabi desagertuta daude eta hiru bizirik erreskatatu dituzte.
Villa de Pitanxo arrantza-ontziak Marinen du basea. 06:00ak inguruan urperatu da.
Hasiera batean, hildakoak 10 zirela informatu dute, baina une honetan heriotzen balantzea 9koa dela argitu du Itsas Salbamenduak. Antza denez, berreskuratutako gorpuetako bat bi aldiz zenbatu dute, erreskate lanetan hainbat itsasontzi ari direlako parte hartzen.
Ordubete lehenago galdu dute kontaktua ontzi horren kutxa urdinarekin, Maica Larriba Espainiako Gobernuaren Galiziako ordezkariordeak jakinarazi duenez.
Arrantzaleak erreskatatzera atera dira orduan lau salbamendu-txalupa, eta ordu batzuk geroago aurkitu dituzte horietako hiru, noraezean. Bi hutsik zeuden, eta hiru arrantzale bizirik aurkitu dituzte bestean.
Salbamendu zerbitzuko baliabideak laugarren txaluparen bila dabiltza.
"Ternuan itsasoa oso haserre dago", azpimarratu du Espainiako Gobernuaren ordezkariordeak. "Oraindik eguna argitzen dago han. Hori dela eta, Kanadako salbamendu zerbitzuko ontzi eta helikopteroek ez daukate informazio askorik oraindik", azaldu du.
Erreskatatutako arrantzaleak hipotermiak jota zeuden, uraren tenperatura oso-oso baxua delako han.
Galiziako Gobernuak baieztatu duenez, itsasontzian Espainiako 16 marinel zihoazen, Peruko bost eta Ghanako hiru. Rosa Quintana Arrantza kontseilariaren hitzetan, espainiarretako hiru Cangaskoak dira, hiru Maringoak, bat Moañakoa, bat Bueukoa eta beste bat Huelvakoa. Gainera, Kanarietako begirale bat zihoan ontzian.
Iñigo Urkullu lehendakariak doluminak eta elkartasuna adierazi dizkio Galiziako gizarteari, eta "desiorik onena" opa die erreskatatu dituzten arrantzaleei. "Elkartasuna Euskaditik", nabarmendu du.