Gizartea -
Koronabirusa
Adin txikikoen txertaketa erritmoak behera egin du azken asteetan, Euskadin
Haurren txertaketa erritmoan geldialdia islatu dute azken asteetako datuek; izan ere, orain hamarrenetako aldea dago txosten batetik bestera, duela zenbait aste portzentajea puntuka igotzen zenean.
Eriz Lotina | EiTB Media
Euskadin covid-19aren kontrako dosi bakarra jaso dute 5-11 adin tarteko biztanleen % 57,2k. Haurren % 8,3k, ostera, txertaketa amaitu dute jadanik. Guztira, 5-11 adin tarteko 82.925 umek gutxienez dosi bat jaso dute, eta 12.074k txertaketa amaitu dute. Hala ere, umeen txertaketa erritmoak behera egin du azken asteetan Euskal Autonomia Erkidegoan.
Otsailaren 3ko txertaketa txostenaren arabera, 5 eta 11 urteko adin txikikoen % 56,8k dosi bakarra jasoa zuten, eta % 8,2k bi txertoak, lau hamarreneko eta hamarren bateko igoera, hurrenez hurren. Urtarrilaren 31ko txostenean zenbakiak berdin-berdinak izan ziren (% 56,8 eta % 8,2).
Urtarrilaren 27an, haurren % 56,4k dosi bakarra jaso zuten, eta % 8,1ek pauta osoa. Urtarrilaren 24an, % 56k txerto bakarra hartua zuten, eta % 7,9k txertaketa bukatua zuten. Ondorioz, hamarrenetako aldaketak eman dira datuen artean, txostenetik txostenera.
Asteak atzera eginez gero, aldiz, erritmoa bestelakoa zela egiaztatu daiteke; izan ere, urtarrilaren 10ean umeen % 44,1ek dosi bakarra jaso zuten ordurako, eta % 5,5ek biak. Datuen hurrengo eguneratzean, 5 eta 11 urteko haurren artean lehen dosiaren administrazioak 4,5 puntuko igoera izan zuen (% 48,6), eta pauta osoak puntu erdi baino gehiago (% 6,5). Ondorioz, bistakoa da azken asteetan txertaketa erritmoak nabarmen behera egin duela txikienen artean.
Bestalde, 12 urtez gorakoen % 62,2k babesa areagotzeko hirugarren dosia hartu dute dagoeneko EAEn.
Ikusi ondorengo grafikoetan 2020ko abenduaren 27an hasi zen covid-19aren kontrako txertaketa kanpainari buruzko datu guztiak.
*Bialetatik lortutako 11. dosiak barne. Honenbestez, azken hilabeteetan jasotako txertoen % 110 jar daiteke.