Gizartea -

Haur minbiziaren mundu eguna

Aspanogi: "Minbizia kasu gutxiago izan ditugu pandemian"

Pandemiak ospitaleen arretan ez, baina haur gaixoen eta euren senitartekoen aldartean eragin duela kontatu digute Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartetik.

Minbiziadun haurren ospitaleko egonaldia alaitzen saiatzen dira. Argazkia: Irekia
Minbiziadun haurren ospitaleko egonaldia alaitzen saiatzen dira.
Minbiziadun haurren ospitaleko egonaldia alaitzen saiatzen dira. Argazkia: Irekia

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urteak daramatza Nekane Lekuonak (Lazkao, 1978) Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartean gizarte langile gisa beharrean. Pandemia tarteko, azken bi urteak "oso arraroak" izan direla aitortu digu, hein batean aurrez aurrekoa galdu duelako elkarteak: "Haur minbizidunen familiek behar dute aurrez aurreko hori, maskararekin bada ere, begietara begiratu ahal izatea". Orain, "indarberrituta", normaltasuna berreskuratzen ari dira. Gaixotasunaren erpinez eta izurriak eragindako muga eta beldurrez mintzatu gara berarekin Haur Minbiziaren Nazioarteko Egunean.

Zenbat haur-minbizi kasu diagnostikatzen dira EAEn urtero, eta zein da minbizia mota ohikoena?

100-150 bat, azken urteetako batezbestekoa da hori. Gipuzkoan 2021ean gutxiago atzeman genituen, ez dakigu zergatik… Bizkaian, aldiz, kasu asko izan dituzte, baina egia da Gurutzetako Ospitalean beste lurraldeetako kasuak ere eramaten dituztela; beraz, zaila da konparazio bat egitea. Behintzat, leuzemia kasu gutxiago izan ditugu. Pediatra batek aurrekoan esan zuenez, akaso horren arrazoia maskararekin ibiltzea eta prebentzio neurriak asko zorroztea izan liteke. Babestuago egon dira umeak, eta, agian horregatik, gaixotasuna ez da ernatu edo garatu. Baina ikusi beharko da, agian gerora aterako dira. Heriotza kopurua, ordea, mantendu egin da. Gipuzkoan sei izan ziren iaz.

Helduen minbiziarekin alderatuta, haur-minbizi kasuak gutxi dira, % 1 inguru. Egia da gaixotasun arraroa dela, gutxi ematen da, eta itxaropen mezua ere eman behar dugu biziraupen tasa oso altua delako, % 80-85 ingurukoa; hori bai, herrialde garatuetan da hori, tratamendua dagoenetan.

Zenbaki horien atzean, umeak, neraberak eta euren familiak daude; horregatik diogu ikerketak jarraitu behar duela. Gaixotasun arraroa izango da, baina ikertu beharra dago, eta kasu batzuk, zoritxarrez, ez dira sendatzen.

Minbizi moten artean, leuzemia da ohikoena, kasuen % 30 gutxi gorabehera. Gero, nerbio sistema zentralari eragiten dioten minbizi kasuak daude, % 19.

Zenbat irauten du, batez beste, haur-minbiziari aurre egiteko tratamendu batek?

Leuzemiaren kasuan, tratamenduak bi urte irauten du. Horrek ez du esan nahi bi urte ospitalean emango dituztenik, baina joan-etorriak egoten dira, osasun zentroetan eta etxean ere artatzen dituzte. Beste minbizia kasu batzuetan, urtebetekoa izaten da, baina motaren arabera. Gainera, gero jarraitu behar dute urtero-urtero errebisioak egiten. Sendagiria 10 urtera ematen dute. Baina probak egite horrek segurtasuna ematen die gurasoei, lasaigarria da eurentzat.

Prebeni daiteke haurren minbizia? Bada aurrea hartzeko neurririk?

Prebentzioa zaila da haurren kasuan, ez dakitelako oso ondo nola eta zergatik garatzen den gaixotasuna. Helduekin ez bezala, ez da bizi-estilo bategatik edo ohitura txarrengatik. Umeen kasuan, genetikak eta herentziak zeresan handia du.

"Gurasoek eta haurrek bakardade gehiago sentitu dute. Arlo emozionalean igarri da pandemia"

Nola eragin du pandemiak osasun arretan?

Ospitaleetan, onkologian, arreta aldetik ez dugu ondorio berezirik igarri, presentzialtasuna mantendu delako. Dena den, giroan sumatu da, batez ere hasieran mugak eta beldurrak gehiago zirenean, eta hori kutsatu egiten da.

Gurasoek eta haurrek bai sentitu dute bakardade gehiago. Adibidez, bi gurasoak ezin ziren gelan batera egon, pasilloetara ere ezin ziren atera eta gela barruan egon behar ziren. Ezin zen bisitarik jaso; beraz, senitartekoak, lagunak... ezin zituzten ikusi. Hasieran, gainera, gu (gizarte langileak eta elkarteko kideak) ere ezin ginen ospitalera joan, osasun langileak ez ginelako; psikologoa bai joaten zen, baina gu ez. Tristura handiagoa sumatu dute. Beraz, arlo emozionalean igarri da pandemia.

Lehen Arretan, guraso batzuek esan digute kontsulta aurrez aurrekoa ez izateagatik diagnostikoa atzeratu zaiela; batez ere hasieran, dena itxita zegoenean, eta beldur gehiago zegoenean. Eta, akaso, ikerketa lerroak bai atzeratu dira.

Gaixotasunari berari dagokionez, hasieran beldur handia zegoen. Gurasoek galdetzen ziguten: "Eta seme-alabak hartzen badu, zer gertatuko da?". Baina gero joan gara ikusten, babes-neurriak hartuta, ez dela izan hainbesterainokoa. Guk Gipuzkoan izan ditugun kasuek bilakaera ona izan dute, eta ez dugu erregistratu heriotzarik koronabirusak eraginda.

Aspanogik antolatutako topaketa bat.

Izurriak zelan kolpatu du Aspanogi elkartea?

Oso urte arraroak izan dira. Ezin genituen ekintzak egin, ezin ginen familiekin bildu... Urtero Port Aventurara joaten ginen familiak elkarrekin egoteko eta haurrek ondo pasatzeko, baina ezin izan dugu halakorik egin. Familiak tristeago egon dira, elkartetik urrunago sentitu dira.

2019ko otsailean, gure urteroko Martxa Nordiko Solidarioa egin ahal izan genuen, baina gero konfinamendua etorri zen, eta, segurtasunagatik, presentzialtasuna galdu genuen, ospitaleetan eta bulegoan. Telefonoz eta birtualki ematen genuen arreta, baina familiek behar dute aurrez aurreko hori, maskararekin bada ere, begietara begiratu ahal izatea…

Orain, zorionez, pixkanaka-pixkanaka ari gara normaltasuna berreskuratzen. Tailerrak, hitzaldiak, IX. Martxa Nordiko Solidarioa... antolatu ditugu berriz. Ama batek ipuin bat idatzi berri du leuzemiari buruz, eta eskola batean kontatuko du; elkartekoak babestera joango gara.

Gogoeta garai bat izan da, baina berriro gaude indarberrituta eta ekintzak egiteko prest. Gainera, jendeak elkartasun ekintzak egin nahi ditu berriro, eta gugana jotzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Minbizia bideoak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Osasunari buruzko albisteak Umeak azken ordukoa