Gizartea -

elkarretaratzea

Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen inguruko epaiari "batasunetik" erantzuteko deia egin du Laudion

Ehunka pertsona batu dira Gasteizko epaile batek Laudioko Udaleko lanpostuen hizkuntza-eskakizunen inguruan emandako epaiarekin desadostasuna agertzeko.

Laudion elkarretaratzea. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua
Laudion elkarretaratzea. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua
Ehunka herritarrek egin dute bat Laudioko Udaleko lanpostuen hizkuntza-eskakizunen aurkako epaiaren kontra

1:33

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, ehunka pertsona batu dira larunbat honetan Laudioko (Araba) Herriko Plazan, Gasteizko epaile batek Laudioko Udaleko lanpostuen hizkuntza-eskakizunen inguruan emandako epaiarekin desadostasuna agertzeko. Eskualdeko zein herrialdeko eragile politiko, sindikal eta sozialetako ordezkariak gerturatu dira elkarretaratzera.

Mobilizazioaren bukaeran, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluko kideek adostutako adierazpena irakurri dute: "euskaldunok administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea ez dugu bermatua eta hori lortu behar dugu. Administrazioa euskaldundu behar dugu".

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi duenez, "Gasteizko epaileak kaleratutako epaiak izan du ondorio positiborik". Izan ere, balio izan du "aspaldi dioguna berresteko: erakutsi du edozer tontakeria, irizpide juridikorik gabeko edozer gauza balia daitekeela baldin eta hizkuntza-eskubideen urraketa ahalbidetuko duen epaia argitaratu nahi bada".

Berretsi duenez, "epaileek eta magistratuek hizkuntza-politika egiten dute, eta hori ez da haien lana". Botere judizialak "indarrean dagoen hizkuntza-araudia aldatzeko helburua duen estrategiari" jarraitzen diola salatu du Bilbaok. Horrela, esan du, "epaien bidez saiatzen ari" dira dagoen legeria aldatzen "harik eta interpretazio hertsiena izateko, gure eskubideak are gehiago murrizteko".

"Inolako lotsarik gabe esaten dute udal batean zein langilek jakin behar duen euskara eta zeinek ez, hizkuntza-plangintzagileak bailira. Inolako lotsarik gabe esaten dute hezkuntza-sisteman zenbat toki hartu behar duen gaztelaniak, pedagogoak balira. Edota azken epaian bezala hizkuntza bat zaila den al ez, linguistak bailira", salatu du Kontseiluko eledunak.

Bilbaoren hitzetan, "arazo larriena da argudiorik gabe gure hizkuntzen etorkizuna baldintzatu nahi dutela". Horregatik, "gero eta argiago geratzen ari da ez garela ari ausazko erabakiaz, baizik eta botere judizialaren estrategia zehatz batez", gaineratu du.

Eta horren aurrean zer egin galderari erantzunez, Bilbaok aitzakiarik gabeko "batasuna, batasuna eta batasuna" azpimarratu du, oldarraldiei erantzuteko. Euskalgintzak, eragile sindikalek, eragile politikoek, eragile sozialek eta instituzioek "bat egin behar dugu bai ala bai, horrelako oldarraldiei aurre egiteko eta aski dela esateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Euskal herriak Araba EAE Laudioko bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Protestak gaur Aiaraldea Funtzionarioak Kontseilua albisteak gaur