Gizartea -
indarkeria matxista
% 31,6 hazi da Euskadin sexu-erasoen biktima izan diren emakumeen kopurua
2021ean 445 emakumek salatu zuten Euskadin sexu-askatasunaren aurkako delitu baten biktima izana, Emakundek jasotako datuen arabera.
agentziak | eitb media
Joan den urtean 445 emakumek salatu zuten Euskadin sexu-askatasunaren aurkako delitu baten biktima izana. Horrek 2020ko datuen % 31,6ko areagotzea suposatzen du, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak jasotako datuen arabera.
Lurraldeka, Gipuzkoako biktimen % 50,4ko areagotzea nabarmendu zen (113 izan ziren 2020an, eta 170 joan den urtean). Bizkaian, berriz, % 33,3ko igoera hauteman zuten (168 eraso 2020an, hurrengo urteko 224 kasuen parean), eta Araban % 10,5eko beherakada izan zuten (57 kasu 2020an, eta 51 kasu 2021ean).
Gainera, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaren biktimek % 1,4ko igoera arina izan zuten, 2.932 kasurekin, alegia, aurreko urtean baino 40 gehiago.
Lurraldeka, areagotze handiena Gipuzkoa (+% 5) izan zen, 898 emakume erasoturekin, aurreko urtean baino 43 gehiago. Araban (+% 1) 453 izan ziren bikotekideak edo bikotekide ohiak erasotutako emakumeak, eta Bizkaian % 0,5 jaitsi zen zifra (1.581 emakume 2020an, eta 1.589 aurreko urtean).
Familia barruko indarkeriak, bestalde, jaitsiera portzentuala izan zuen. % 0,7 jaitsi zen joan den urtean 940 emakume zenbatu ondoren, aurreko 947 kasuen parean.
Araba nabarmendu egin zen indarkeria horren % 18k areagotzeagatik, 145 biktimarekin, aurreko urtean 123 izan zirelarik. Gipuzkoan % 8,5ekoa izan zen igoera (293 emakume erasotu zituzten, 2020ko 270en parean). Aldiz, Bizkaian % 9,4 urritu ziren gisa horretako delituak, 502 emakumerekin, urte bat lehenago zenbatutako 554 emakumeen aurrean.