Gizartea -
mediterraneoan erreskatea
Izaskun Arriaran (Aita Mari): "Lampedusan aingura botatzen utzi digute itsaso gaiztoa espero delako"
Aita Mari ontzi humanitarioak Lampedusako hegoaldean ainguratzeko baimena eskuratu du, baina Malta, Italia zein Espainiaren erantzunaren zain dago oraindik; ostiral honetan Mediterraneoan erreskatatutako 176 migratzaileak lehorreratzeko.
eitb media
SMH gobernuz kanpoko erakundeko Aita Mari ontzi humanitarioak txalupetan zetozen 176 migratzaile erreskatatu zituen ostiralean Mediterraneo itsaso zentralean, 5 orduko tartean. Horietako 42 adin txikikoak ziren.
GKEaren arabera, "egoera prekario eta eramangaitzean" zeuden. Kostaldeko guardiaren erantzunik jaso ez zutenez, euskal erreskate ontzira igo zituzten. Itsaso gaiztoaren ondorioz, Lampedusan aingura botatzeko baimena jaso zuten, baina oraindik ez dute Malta, Italia zein Espainiaren erantzunik jaso migranteak lehorreratu ahal izateko.
Izaskun Arriaran SMHko presidenteak, Aita Mari itsasontzitik, Radio Euskadiko Ganbara saioan azaldu zuen ainguratzeko baimena eman zietela "bi eta hiru metro arteko olatuak" espero dituztelako, eta hori "arrisku handia" litzateke erreskatatutako 176 migratzaileentzat eta tripulazio osoarentzat. Italiarekin harremanetan jarri ziren eta Lampedusa Radiok ainguratzeko baimena zutela jakinarazi zien.
Arriaranek adierazi zuenez, migratzaileen lehorreratzea "gogorra" izan zen, "ume ugari zeudelako eta oso nekatuta, izututa eta erabat bustita zetozelako". Bermatu zuenez, Aita Marirako lekualdaketa "geldoa" izan zen, baina "dena ondo" atera zen.