Gizartea -
KORONABIRUSA
Txertoaren errefortzu dosiek % 80 gutxitzen dute omikronekin gaixotasun larria garatzeko aukera
Osasunaren Mundu Erakundeak txosten eguneratua argitaratu du omikron aldaerari buruz. Jada 171 herrialdetan atzemandako aldaerak kasu uholdea ekarri du eta OMEk uste du oraindik ere "oso altua" dela pandemia arriskua.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Txertoek covid gaixotasun larriaren aurrean ematen duten babesa % 50era jaisten du omikron aldaerak baina errefortzu-dosiarekin portzentaje hori % 80ra igotzen da, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gaur jakinarazi duenez.
Omikron aldaerari buruzko seigarren txosten eguneratuan, OMEk adierazi du aldaera berria planeta osoko 171 herrialdetara zabaldu dela jada. Txertoek ematen duten immunizazioa eta infekzioa igarotzeak ematen duena sahiesteko gai dela aldaera hau, hein handi batean, ondorioztatu du erakundeak eta horri esker zabaldu dela horrenbeste kutsaketa.
Omikronen gorakadaren ondorioz, pandemian dagoen arriskua "oso handia" da oraindik ere, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Txostenak dioenez, txertoek covid gaixotasunaren forma larriak ekiditeko eraginkortasunari eusten diote baina ez da gauza bera gertatzen infekzioaren aurrean. Hau da, ez da horren eraginkorra kutsatzea ekiditeko. Eta gauza bera gertatzen da infekzio naturalarekin ere, ez da nahikoa omikronekin berriz ez kutsatzeko.
Aldaera berria diagnostikatzeari dagokionez, ohiko sistemek, PCRak zein antigeno testek, orain arteko aldaerekin bezalatsu funtzionatzen dutela ondorioztatu du txostenak.
Omikron aldaerak gizakiaren goiko arnas sistemari gehiago eragiten diola ere ikusi dute, aurreko aldaerek beheko arnas sistemari eragiten zioten bitartean, eta hori lagungarri izan daiteke kasu larri gutxiago izateko.
Hala ere, OMEk ohartarazi duenez, mundu osoan izan den kasueran igoera izugarriak ospitaleratzeetan eta zainketa intentsiboetako unitateetan ere eragina izan du, herrialde askotan.
Erakundeak azpimarratu du azken asteetan zertxobait gelditu dela kutsatzeen gorakada: % 20 igo ziren kasuak urtarrileko bigarren astean, baina %55 igo ziren aurrekoan.
Tratamenduei dagokienez, OMEren txostenak dio covid kasu larrien aurkako egungo tratamenduek eraginkorrak izaten jarraitzen dutela omikronek eragindako kutsatzeetan, nahiz eta terapia horietako batzuek, antigorputz monoklonalak erabiltzen dituztenek, eraginkortasuna murritzagoa izan dezaketen.
Kutsatzeen tasa errekorrak ezartzen ari den unean argitaratu dute txostena: ostegunean, urtarrilaren 20an, lau milioi positibo berri izan ziren munduan, orain arteko kopururik altuena.