Gizartea -
Saria jaso ondoren
Elisa Loncon ekintzaile maputxea, Rene Cassin saria: "Gaur Txilek historia berri bat bizi du"
Ekitaldian zehar olerki bat mapudungun hizkuntzan irakurri dute. Maputxe herriaren hizkuntza da. Poemak saritua hunkitu du.
Agentziak | EiTB Media
Elisa Loncon ekintzaile maputxe, akademikoa, hizkuntzalari eta politikariak Rene Cassin Giza Eskubideen saria jaso du asteazken honetan. Sarituaren ahotan, Txilek "historia berri" bat bizi du gaur, "botere eremutik" at egon direnek "parekidetasunean" idatzitako Konstituzio batekin.
Lonconek Eusko Jaurlaritzaren saria jaso du Gasteizen. Txileko komunitate indigenetan ekintzaileak egindako lana saritu nahi izan du Exekutiboak.
Ekitaldian zehar olerki bat mapudungun hizkuntzan irakurri dute. Maputxe herriaren hizkuntza da. Poemak saritua hunkitu du.
Ekintzaileak azaldu duenez, bere arbasoek kolonialismoaren eta Augusto Pinocheten diktaduraren aurka borroka egin zuten, eta bere aiton-amon guztiek amets bera zuten, "kendutako lurraldea", burujabetza eta herriaren kultura berreskuratzea. "Hori da besarkatzen dudan borroka", nabarmendu du.
Txilen prozesu konstituziogile bat abiatu dela azpimarratu du, diktadurak utzitako Konstituzioa aldatzeko, "eredu sozial eta politiko zatitzaile eta demokratiko eskas bati, eredu neoliberalean oinarrituari" zilegitasuna eman ziolako. Gaur Txileko herriek gainditu nahi dute, erantsi duenez. Testua "parekidetasunean" eta ikuspegi deszentralizatzaile batekin idazten ari dira, gaineratu du.
Mapudungun hizkuntza bultzatzea aldarrikatu du, eta hizkuntza baten aurka egiten denean "isiltasunaren mundura" zigortzen dituztela salatu du. Gizateriaren eta duintasunaren kontrako eraso bat da, hizkuntzak "komunikazio, elkarrizketa eta herrien arteko bakerako" tresnak direlako, gogorarazi duenez.
Elisa Loncon Aracnia eskualdeko (Txileko hegoaldea) Traiguen komuna batean jaio zen 1963an. Duela egun gutxi Financial Times-ek munduko 25 emakume garrantzitsuenen artean kokatu zuen.
Ekitaldian, lehendakariak demokrazia erregimen politiko bat baino askoz gehiago dela esan du: "Balio sistema bat da". Elkarrizketa, indarkeriarik eta inposaketarik ez, aniztasuna eta justizia soziala eta nortasun, nazio eta herri guztien aitortza politikoa defendatu ditu buruzagiak.
Urkulluk gogorarazi duenez, Euskadik ongi daki indarkeria, terrorismoa eta bizitza eskubidea ukatzea zer den. Lehendakariaren esanetan, errealitate hori atzean utzi behar da, "biktimenganako eta haien giza eskubideenganako errespetu eta aitortzarekin".