Gizartea -
Hezkuntza
Euskadiko 697 ikastetxek aurrematrikula epea zabalik dute urtarrilaren 28ra arte
Familiek Internet bidez aurkeztu dezakete eskaera, Hezkuntza Saileko webgunean, edo aurrez aurre lehen aukera duten ikastetxean bertan.
Agentziak | EiTB Media
Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 697 ikastetxek, horietako 454 publikoak, aurrematrikulazio epea ireki dute astelehen honetan, 2022-2023 ikasturteari begira. Epea urtarrilaren 28an agortuko da.
Haur Hezkuntzako (2 urte) lehen zikloa 538 zentrotan eskaintzen da, eta bigarren zikloa 539 ikastetxetan. Lehen Hezkuntza 533 zentrok emango dute, eta Bigarren Hezkuntza 326k.
Familiek Internet bidez aurkeztu dezakete eskaera, Hezkuntza Saileko webgunean, edo aurrez aurre lehen aukera duten ikastetxean bertan.
Aurrematrikula epea itxi ondoren, eskaeren zerrendak otsailaren 15ean argitaratuko dituzte, eta martxoaren 8an tokien behin-behineko banaketa jakinaraziko dute.
Ondoren martxoaren 15era arte erreklamazio epe bat zabalduko da, eta martxoaren 22an behin betiko zerrendak argitaratuko dituzte, baina apirilaren 22ra arte errekurtsoak aurkezteko tartea izango da.
Eskaera baino toki gehiago jasotzen dituzten ikastetxeek eskakizunen baremazioa egin behar dute. Eskaera bakoitzean 12 aukera ezberdin sar daitezke.
Anaia-arreben presentzia ikastetxean, zentroa etxetik gertu egotea, familiaren errenta eta ikaslearen desgaitasuna, besteak beste, irizpideak izango dira, Hezkuntza Sailak ohar batean azaldu duenez.
Familia ugariek ez dute dokumentaziorik aurkeztu beharko (Hezkuntza Saila arduratuko da, eta egiaztatuko du). Sare publikoan Bigarren Hezkuntzara pasatzen diren ikasleek ez dute eskaera egin beharko, insitutua Lehen Hezkuntzako zentroari loturik badago, eta hizkuntza eredu berdinean jarraituz gero.
Horrela, familia batek eskakizuna egiten ez baldin badu, Lehen Hezkuntza zentroari lotutako institutuan jarraitu nahi duela ulertuko da. Beste zentro batera joan edo Lehen Hezkuntzako ikastetxeak institutu bat baino gehiagorekin lotura duenean, ostera, eskaera egitea beharrezkoa izango da.