Gizartea -
Eguraldi iragarpena
Abisu horia ezarriko dute bihar 100 kilometro orduko haize ufadak eta 2 metroko olatuak espero direlako
Gainera, Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) abisu horia indarrean jarriko du astearte honetan, 12:00etan, Nafarroako Pirinioetan elurra botatzea espero delako.
EiTB Media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia indarrean jarriko du astearte honetan, haize ufadek 100 kilometroko abiadura gainditu dezaketelako, eta kostaldean 2 metroko olatuak espero direlako.
Gauerditik 16:00etara abisu horia indarrean izango da, hegotik eta hego-mendebaldetik joko duten haize ufadengatik. EAEko mendebaldean, mendialdean bereziki, gogor joko du haizeak. 100 kilometro orduko abiadura harrapatu dezakete ufadek.
Babesguneetan, aldiz, 60-80 kilometro orduko ufadak espero dira mendebaldean, eta eguerditik aurrera haizearen norabidea aldatuko da, mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko baitu, bereziki kostaldean. 80-90 kilometro orduko indarrarekin ibiliko da.
Olatuen abisu horia, ostera, ordubete bakarrik izango da indarrean, 05:00etatik 06:00etara, itsasgorarekin batera, 2 metroko olatuak espero baitira kostaldean.
Bestalde, Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) abisu horia indarrean jarriko du astearte honetan, 12:00etan, Nafarroako Pirinioetan elurra botatzea espero delako. 24 ordutan 5 zentimetroko elur geruza pilatzea espero da 1100-1200 metro gainetik.