Gizartea -

Frantzia

Zerk egin zuen kale Tolosako hiltzailearen jarraipenean?

Inteligentzia zerbitzuek Mohamed Merahren kontrolean hanka sartu zuten galdetzen ari dira orain Frantzian.

Mohamed Merah, ustezko hiltzailea. Argazkia: EITB.
Mohamed Merah Tolosako hiltzailea, hilda

01:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mohamed Merah Tolosako eta Montaubaneko ustezko hiltzailea hilda dago, baina susmagarriaren jarraipenean inteligentzia zerbitzuek hanka sartu zuten galdetzen ari dira orain Frantzian. Izan ere, duela "hainbat urtetatik" jarraitzen ari ziren, eta halere ere zazpi pertsona hiltzea lortu du azken bi asteetan.

Hauteskunde giroa kontuan hartu behar bada ere, polemika hizpide hartu duen lehenetakoa François Hollande Alderdi Sozialistaren hautagaia da, jarraipenean "akatsak" izan zirela aipatu baitu: "Kontu batzuk aztertu egin beharko dira".

"Egia da hiltzaile horrek, Merahk, bi bidaia egin zituela, lehengoa Afganistanera 2010ean, eta beste bat Pakistanera 2011n, turimoa egitera zihoala argudiatuta. Kontrol zorrotzagoak ezarri behar dira herrialde batzuetarako bidaietan", adierazi du, mitin batean.

Eva Joly hautagai ekologista ere kritiko agertu da, eta "eraginkortasun arazoak" ikusi ditu Tolosako hiltzailearen jarraipenean.

"Inteligentzia zerbitzuek ezagutu egiten zuten Merah, atxilotu ahal zuten, armak edukitzea, proselitismo terrorista egitea eta Pakistanera eta Afganistanera joatea egotzita", iritzi dio, France Infok egindako elkarrizketa batean.

Fitxatuta zegoen

Horren ildotik, AEBetako inteligentzia zerbitzuetako funtzionario anonimo batek azaldu du, CNN telebista-katean egindako elkarrizketa batean, Merah FBIren 'zerrenda beltzean' zegoela, hots, AEBak helbudua edo jatorria duten hegaldietara igotzea debekatzen duen zerrendan.

Funtzionarioak ez du zehaztu noiz gaineratu zuten zerrendan, eta "aspaldi" izan zela baino ez du esan. Hori bai, zerrendan sartzeko arrazoia Merahk Al Kaidaren entrenamendu kanpamendu batean parte hartu zuela izan zela argitu du.

FBIren 'zerrenda beltza' irailaren 11ko atentatuen ostan jarri zuten martxan.

Eztabaidarako beste datu bat: Tolosan Merahren auzokide zen emakume batek esan du Poliziak "jakin" bazekiela susmagarria "arriskutsua eta erradikala" zela, emakumezkoak berak salaketak aurkeztu baitzituen.

Hain zuzen ere, Merahk bere semea muyahidin bihurtu nahi zuelako aurkeztu zituen salaketak emakumeak.

Susmagarria hilik dago, baina polemika hasi baino ez da egin.

Gobernuaren azalpenak

Bere aldetik, François Fillon lehen ministroak azaldu du ez zegoela "zantzurik" Merah sarraskiak egin aurretik atxilotu ahal izateko, epailearen baimenik gabe ezin baita "jarraipen iraunkorrik" egitea "deliturik egin ez duenari".

RTL irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Fillonek gogorarazi du "Zuzenbide Estatu batean" bizi direla, eta defendatu egin du inteligentzia zerbitzuen lana.

"Bizimodu arrunta zuen, eta iragan judiziala bazuen ere [Frantzian 20 zigor inguru ezarri zizkioten delitu arruntengatik], ez zuten zerikusirik hilaren 11tik egindako hilketekin", esan du.

Halaber, erakunde salafista bateko kide izatea ez dela delitu nabarmendu du: "Ez dira nahastu behar fundamentalismo erlijiosoa eta terrorismoa, haien arteko loturak ezagutzen baditugu ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea