Gizartea -
Urtezahar gaua
Ertzaintzak eta udaltzaingoek jende pilaketak zainduko dituzte, kale-edanik egon ez dadin Urtezahar gauean
Prebentzio-lanak egingo dituzte ordutegiei, edukierei eta maskara eramateko betebeharrari dagokienez osasun-araudia errespeta dadin, eta jende pilaketak egon ohi diren guneak zainduko dira. Besteak beste, Bilboko Casilda Iturrizar parkea zigilatu dute.
Eitb Media
Ertzaintzak eta udaltzaingoek prebentzio lanak egingo dituzte ordutegien, edukieren eta musukoa erabiltzeko derrigortasunean osasun araudia errespetarazteko Urtezahar gauean eta asteburu osoan zehar. Horrez gain, jendea pila daitekeen lekuak zainduko dituzte kalean alkohola edatea eragozteko.
Modu honetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak eta herrietako udaltzaingoek elkarlanean jardungo dute Urtezahar gauean eta asteburu osoan zaintzako eta herritarrak babesteko lanak areagotzeko, covid-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko indarrean dagoen araudia kontuan hartuta.
Jendea pila daitekeen guneak ere zainduko dira, kale-edana saihesteko. Ildo horretan, besteak beste, Bilboko Casilda Iturrizar parkea zigilatu dute, pandemian zehar botiloi ugari erregistratu baitira han.
Era berean, garraio publikoko eta pribatuko ibilgailuetako bidaiariek arauak betetzen dituzten zainduko dute patruilek, eta joan-etorrietan ohiko trafiko kontrolak ere egingo dituzte. Zaintza dispositiboak asteburu osora hedatuko dituzte, Urteberri eguna larunbata baita.
Gasteizen, zaintza berezia egingo zaio ostalaritza-lokalen itxiera-ordutegiari, 01:00etarako ezarrita baitago, lehendakariaren azken dekretuan, omikron aldaerak eragindako kasuen eztandaren aurrean pandemia geldiarazteko. Gainera, "kaleko arroparekin jantzitako agente asko egongo dira araudia betetzen dela zaintzeko".
Ertzaintzak eta udaltzaingoek herritarren laguntza eskatu dute indarrean dagoen osasun araudia betetzeko eta koronabirusaren hedapena kontrolatzeko.