Gizartea -

Tolosako hiltzailea

Poliziak Mohamed Merah hil du, buruan tiro bat emanda

Frantziako Poliziak Aljeriako jatorria duen 23 urteko frantziarra hil egin du, 32 ordu baino gehiago etxean gotortuta egon ondoren.

Mohamed Merah, ustezko hiltzailea. Argazkia: EITB.
Mohamed Merah Tolosako hiltzailea, hilda

01:30

I.G.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Poliziak Mohamed Merah Aljeriako jatorria duen 23 urteko frantziarra hil egin du, buruan tiro bat emanda, 32 ordu baino gehiago etxean gotortuta egon ondoren. Tolosako eskola juduaren eta hiru militarren hilketak bere gain hartu zituen Merahk hil aurretik.

Ustezko hiltzailea Mohamed Merah da, Aljeriako jatorria duen 23 urteko frantziarra. Al Kaidako kide dela esan zion Poliziari. Guztira zazpi lagun hiltzea egotzi diote.

Merah goizeko 11:30etan hil da, bere etxebizitzako leihotik jauzi egin ondoren. Poliziak 32 orduz etxebizitza inguratuta eduki du eta, ordu horretan, Merah harrapatzera sartu da. Gazteak tiroz hartu ditu poliziak eta, guztira, bost pertsona zauritu dira.

Alarma guztiak martxoaren 15ean piztu ziren. Egun horretan, ustezko hiltzaileak hiru militar hil zituen. Poliziaren arabera, motorrean zihoan pertsona batek tiro egin zien, Montabaunen, Frantziako hegoaldean. Ondoren, motor batean ihes egin zuen. Militarrak paraxutisten 17. errejimendukoak ziren.

Poliziak ikerketa ireki eta egun batzuetara, astelehenean, Tolosako eskola juduaren hilketa gertatu zen. Gazteak, ustez, lau pertsona hil zituen eskola horretan. Hiru haurrak ziren, bost eta bederatzi urte artekoak. Horrez gain, beste bi ume larri zauritu zituen.

Hildako pertsona heldua errabinoa zen eta bere bi seme-alabak ziren hildako bi haur. Hildako beste haurra eskolako zuzendariaren alaba da.

Erasoa goizeko 8etan egin zuen. Ordu horretan, lekukoen arabera, motorzale bat eskolara sartu eta umeei tiro egin zien. Motor beltz batean ihes egin zuen.

Hilketa bietan arma bera erabili zutela adierazi zuen Poliziak, eta hiltzailea motor beltz bat erabili zuela gaineratu zuen. Ondorioz, terrorismoaren kontrako Fiskaltzak ikerketa bera jarraitu zuen hiltzailea atxilotzeko.

Bi egun beranduago, asteazken goizaldean, Poliziak usteko hiltzailearen etxebizitza aurkitu eta inguratu egin zuen. Operazioa goizaldeko 3:00etan hasi zuten, eta gazteak 32 ordu eman ditu gotortuta.

"Le Point" astekariak informatu zuenez, Mohamed Merah txapista zen Tolosako tailer batean. 2010ean Atzerritarren Legioan sartzen saiatu zen, baina bota egin zuten lehen egunean.

Poliziak bizirik atzemateko agindua zeukan, eta horretarako negoziazio "gogorrak" hasi zituen, baina ez dute helburua lortu: Goizeko 11:30etan, agente batzuk atea hausten sartu dira etxebizitzara, eta beste batzuk balkoitik. Merah komunean atzeman dute, eta hura tiro egiten atera da. Ondoren, leihotik salto egin eta berehala hil da, Poliziaren arabera.

Aurretik, Poliziaren estrategia Merahk lo egitea galeraztea zen. Horretara, eztandak egin dituzte gauean zehar.

Sarkozy Frantziako presidenteak adierazi duenez, Merahk beste helburu batzuk zituen asteazken honetarako: Krimenen aurkako Tolosako Taldearen burua eta inteligentzia zerbitzuetako funtzionario musulman bat.

Frantziako Poliziaren RAID talde bereziek 300 munizio kartutxo erabili dituzte operazioan.

Bestalde, susmagarriaren anaia atxilotu egin dute beste operazio batean, baina oraindik ez dago argi zer egozten dioten. Poliziak lehergailuak aurkitu ditu Mohamed Merah ustezko hiltzailearen anaiaren autoan, Liberation-en arabera.

Asteartean, Christian Etelin gaztearen abokatuak esan zuen haren nortasuna "oso ahula" zela eta, beraz, jokaera aurrez ikustea "ezinezkoa" dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea