Gizartea -

Ustezko hiltzailearen profila

Mohamed Merah: 23 urteko gizonezkoa, Al Kaidaren hurbilekoa

Hilketak bere gain hartu ditu jatorri aljeriarreko herritar frantsesak. Haur palestinarrek jasandakoagatik eta Frantziako Armadaren esku-hartzeengatik mendeku hartzeko egin zuela esan du.

Mohamed Merah, Toulouseko ustezko hiltzailea. Argazkia: EITB
Mohamed Merah, Toulouseko ustezko hiltzailea. Argazkia: EITB
Mohamed Merah Tolosako hiltzailearen lehen irudiak

00:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mohamed Merah aljeriar jatorriko 23 urteko herritar frantsesa buruan tiro bat emanda hil du Frantziako Poliziak Okzitaniako Tolosan, 32 ordu baino gehiago etxean gotortuta egon ondoren. Gazteak bere gain hartu du joan den astelehenean judu eskola batean egindako erasoa. Guztira zazpi lagun hiltzea egotzi diote.

Claude Gueant Frantziako Barne ministroak adierazi duenez, Frantziako 23 urteko gizonezko bat da, aljeriar jatorrikoa, eta Pakistanen eta Afganistanen egona dena. Zerbitzu sekretuek fitxatuta omen zuten, muturreko talde islamiar bateko kidea zela uste baitzuten.

Gueantek esan duenez, gizonak 'mujahidin' gisa identifikatu zuen bere burua eta Al Kaidako kidea zela adierazi zuen. Erasoa "Palestinako haurren alde eta Frantziako Armadak atzerrian egin dituen esku-hartzeak direla eta mendeku hartzeko" egin zuela adierazi du Frantziako Barne ministroak.

Pakistan eta Afganistan arteko mugara bidaiak

Le Point astekariak argitaratu duenez, Merah Okzitaniako Tolosako tailer batean mekanikari aritzen zen. Hedabide horren arabera, 2010ean Atzerritar Legioan sartzeko ahalegina egin zuen Merahk, baina sartu zen egunean bertan bota zuten.

Le Monde egunkariaren arabera, bestalde, 23 urteko gazteak, 2010ean eta 2011n Pakistan eta Afganistan arteko mugara bidaiatu zuen, talibanen taldeetan sartzeko asmoarekin.

Hainbat entrenamendu egin eta gero, NATOren indarrei eraso egiteko Afganistanera sartu zela jaso dute bertan. Herrialde horretara egindako sarraldi batean, alegia, Afganistango Poliziak kontrol batean harrapatu zuen, ez omen zuten atxilotu, baina agenteak harritu egin ziren haren nazionalitatea ikusita eta atzerriko zerbitzuei haren berri eman zieten.

"Edukazio onekoa eta adeitsua"

Christian Etelin Mohamed Merah hainbat auzitan defendatu zuen abokatuak esan duenez, Tolosako ustezko hiltzailea "edukazio onekoa eta adeitsua" zen ezagutu zuenean eta "duela bi urte" Afganistanera joan eta erradikalizatu egin zela jakin zuela adierazi du.

Etelinek Merah duela zortzi urte ezagutu zuela esan du Frantziako BFM telebista katean egindako elkarrizketa batean eta hainbat lapurreta eta delitu arruntengatik defendatu zuela gaineratu du. Abokatua harrituta agertu da Merahren jarrera aldaketarekin eta inoiz ez zuela hain erradikal egingo zenik iragarriko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea