Gizartea -
Sutea
Aktibo, baina egonkortze fasean, atzo Berriobeitiko enpresa batean piztutako sutea
Suhiltzaileek bertan jarraitzen dute, sua itzaltzeko lanean. Sugarrek Medenasa enpresaren instalazioetan gordetako txatarrari eragin diote; ez da inor zauritu, ezta intoxikatu ere.
Agentziak | EITB Media
Aktibo dago, baina "egonkortze fasean", atzo Berriobeitiko enpresa batean piztutako sutea. Instalazioetan pilatutako txatarrak hartu zuen su. Nafarroako Suhiltzaileek Twitterren duten kontuan adierazi dute sutea egonkortzen ari direla eta lanean jarraitzen dutela enpresako kideekin batera, materiala itzaltzeko. Atzo azaldu zuten oso posible zela suteak hainbat egunez aktibo jarraitzea, itzaltzeko zailtasunak zirela eta.
Foru Gobernuak jakitera eman duenez, igandean 07:30ean jaso zuten abisua SOS Nafarroaren 112 telefonoan. Ke zutabe handi bat ateratzen ari zen Medenasako instalazioetatik, N-240-A errepideko 7. kilometroan, Berriobeiti parean.
Iruñeko (Trinitarios) eta Cordovillako suhiltzaile-parkeetako unitateak bertaratu ziren, baita Tafallako parkeko zisterna bat ere. Egiaztatu zuten txatarra eta industria-hondakin ugari ari zirela erretzen, eta zaila izango zela itzaltzea.
Hasiera batean, suhiltzaileen helburua sua inguruko enpresetara zabal zedin saihestea izan zen, eta ondoren zentratu ziren sutea itzaltzean. 20 metroko altuera zuten sugarrei egin behar izan zieten aurre; izan ere, erregai asko pilatu zen landan eta horrek elikatu du sua.
Agoncilloko (Errioxa) helikoptero baten laguntza izan zuten airetik ura deskargatzeko, Nafarroako Gobernukoak ez zeudelako erabilgarri.