Gizartea -
radio euskadin elkarrizketa
Hurtadoren arabera, "onak" izan dira zubian hotelen okupazio datuak, % 70 inguruan
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak uste du covid ziurtagiriaren ezarpena "normala" izan dela, "herritargoaren babesarekin eta ostalaritzaren lan handiarekin".
eitb media
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak abenduko zubiak utzitako turismo datuen balantzea egin du, Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean. Haren arabera, covid ziurtagiriaren ezarpena "normala" izan da, "herritargoaren babesarekin eta ostalaritzaren sektorearen lan handiarekin". Zubian zehar, % 70ekoa izan da hotelen okupazioa, eta landa-turismoak datuak hobetu ditu, 2019koen aldean.
Sailburuak hausnartu duenez, "aldeko" zifrak dira, eta nazioarteko turismoaren beherakada turismo nazionalarekin orekatu dute. Batez ere, Madriletik, Kataluniatik, Andaluziatik eta Valentziatik dator turismo hori. Pandemia egoerak eta eguraldi txarrak "kantzelazio puntualak" eragin dituzte egunotan, sailburuaren arabera. Nabarmendu du Euskadiren "indargune" turistikoak kultura, gastronomia eta natura-turismoa direla.
Azpimarratu du "helmuga turistiko segurua" dela, eta pandemiaren garapenean zehar daturik txarrenak dituzten erkidegoetako bat izateak ez diola turistikoki eragin. Hala ere, aitortu du egoera "zaila" dela, eta "adi egon" beharra dagoela.
Zubiarekin batera, Euskadin covid ziurtagiria sartu zen indarrean, 50 mahaikidetik gorako jatetxeetan zein gaueko aisialdiko lokaletan sartzeko. Sailburuaren hitzetan, "ondo hartu da neurria, kasu puntualak gorabehera".
Arbuiatu ditu sare sozialetan egin diren zenbait iruzkin, lokal batera edo bestera joatea gomendatzen dutenak, covid agiria erakusteko eskatzen duten edo ez oinarri hartuta. Azpimarratu du "erabat insolidarioak" direla, eta ezin direla onartu. Gaineratu duenez, sektorea "Eusko Jaurlaritzaren agindu bat betetzen ari da eta, aldi berean, guztion osasuna zaintzen".
Era berean, gogora ekarri du zenbait establezimendutan sartzeko txertaketa eskatzeaz gain, neurri guztiak indarrean mantendu behar direla. Horien artean, musukoa, "guztiok baitakigu txertatuta egon arren kutsa gaitezkeela".