Gizartea -
abenduko zubia
Eusko Jaurlaritzak milioi erdi joan-etorri aurreikusi ditu zubirako, eta arreta eskatu du errepidean
Gogorarazi dute iaz 19 trafiko-istripu jaso zituela Ertzaintzak, eta arreta eskatu dute abenduko zubi honetarako.
agentziak | eitb media
Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzak milioi erdi joan-etorri aurreikusi ditu Euskadiko errepide-sarean, erkidego barnekoak eta kanporakoak, abenduaren 4tik 8ra bitartean, asteburua eta Konstituzioaren eta Inmakuladaren zubia direla eta.
Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak ardura handiz jokatzeko eta arreta mantentzeko eskatu die gidariei, bereziki Arabako Armiñongo lotunean (antzinako AP-1 eta A-1 errepideen artean), AP-8an Frantziako mugan eta A-8an Kantabriarekin eremu mugakidean.
Guztizko joan-etorri kopurua, klimatologiak baldintzatua, 235.000tik gorakoa izango dela estimatu dute Kantabriarako norabidean, 105.000 Frantziarantz eta 130.000 Armiñongo lotunera bidean.
Trafikotik gogorarazi dutenez, iazko zubia luzatu zen egunetan zehar (abenduaren 5etik 8ra) 19 trafiko-istripu jaso zituen Ertzaintzak, heriotzarik gabe, baina larri zauritutako hiru pertsonarekin. 2021 urtean igarotako hilabeteetan, 41 pertsona hil dira trafiko-istripuetan Euskadin.
Bidaia hasi aurretik, gomendatu dute errepideen egoeraren inguruan informatzea trafikoa.euskadi.eus webgunearen bitartez, @trafikoaEJGV Twitter profilaren bitartez, TrafikoaEJGV app-aren bitartez edo 011 telefonoaren bitartez, 24 orduko arretarekin. Gainera, aurreikuspen meteorologikoa ere kontsulta dezakete gidariek.
Bestalde, nabarmendu dute drogak, alkohola eta zenbait medikamentu bateraezinak direla gidatzearekin, distrazioak saihestu behar direla eta gomendagarria dela bi orduro edo 200 kilometro egitean deskantsua hartzea.