Gizartea -

ELKARRIZKETA

Izaskun Arriaran: 'Migratzaileekiko errespetua landu behar dugu eta sentsibilizazioa egin haur eta helduekin'

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko erizain eta boluntarioarekin hitz egin dugu 'Aita Mari' erreskate ontziaren jardunaz. Gaur egun, Castelloko Burriana portuan dago eta urte hasieran aterako da berriro Mediterraneora.

Iñigo Mijangos eta Izaskun Arriaran 'Aita Mari' dokumentalaren aurkezpenean. Argazkia: Nueve Cartas
Iñigo Mijangos eta Izaskun Arriaran 'Aita Mari' dokumentalaren aurkezpenean
Iñigo Mijangos eta Izaskun Arriaran 'Aita Mari' dokumentalaren aurkezpenean. Argazkia: Nueve Cartas

Onintza Aiestaran | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EiTBren parte-hartzea duen Aita Mari dokumentala zinema areto komertzialetan estreinatuko den egun honetan, izen bereko erreskate ontziaren jardunean sakondu nahi izan dugu. SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundea 2019tik ari da Mediterraneo itsasoan noraezean dauden pertsona migratzaileak erreskatatzen.

Javi Julio fotokazetari eta zinemagile donostiarrak zuzendutako ikus-entzunezkoak ontzi barrura eramaten du ikuslea. Atunontzia erreskate lanetarako egokitzeko eta eraldatzeko prozesua, oztopo burokratikoak eta 2019an egindako lehen misioa ditu kontagai, besteak beste.

Gaiaz hitz egiteko hori guztia lehen pertsonan bizi izan duen Izaskun Arriaran erizainarekin eta SMHko boluntarioarekin hitz egin dugu.

Zergatik Aita Mari izena?

Jose Mari Zubia, Aita Mari ezizenez ezaguna, Zumaian jaio eta Donostian bizi izan zen marinela izan zen. Itsasoan urperatuak ateratzen edota arriskuan zeuden pertsonak laguntzen aritutakoa zen. Horietako batean, olatu batek eraman zuen. Egin zuena goraipatzeko eta bere lan horretan aritzeko ontzia zelako jarri genion izen hori.

Atunontzia egokitu eta itsasora atera arte denbora luzea igaro zen. Udazkenerako prest zegoen itsasontzia eta gero urtebete egon zen baimenaren zain. Azkenean 2019ko urrian Greziara abiatu zineten. Kontaiguzu pixka bat.

Txatartegira zihoan atunontzi zaharra zen. Hein handi batean boluntarioen lanari esker izan zen. Profil ezberdinetako pertsona mordoa elkartu ginen udako bi hilabetetan, goizez eta arratsaldez, taldeka banatuta egin beharreko lanak egiteko (garbitu, margotu, lixatu, …) Eraldaketa prozesu hori gutxi gorabehera denbora barruan egin genuen. Benetan atzerapena eragin zutenak burokrazia eta paper kontuak izan ziren. Udazkenerako prest zegoen itsasontzia eta gero urtebete egon ginen portuan blokeatuta itsasora ateratzeko baimenaren zain. Hala ere, ez da zerbait puntuala, geroztik ere beti saiatu izan dira zailtasunak jartzen.

Baimena orokorra zen, Greziara laguntza humanitarioa eskaintzera joateko. Gizarteak eskainitako material guztia bildu, kargatu, eta guztia Lesbosen eta Kiosen banatu genuen. Bertan ginela Mediterraneo erdialdera joateko "despatxua" eskatu genuen eta handik abiatu ginen erreskate lanetara.

Lehen erreskatean 78 pertsona salbatu zenituzten. Bost egun zain egon ondoren Siziliako Pozzallon porturatzeko baimena jaso zenuten. Nola gogoratzen dituzu egun horiek?

Egun oso gogorrak izan ziren, batez ere bi. Eguraldi txarra, izugarrizko olatuak, jendea bustita, hotzez. Bereziki gau bat beldurgarria izan zen, nik beldurra pasatu nuen. Klinikak zabalik jarraitu zuen eta saiatu ginen jendea berotzen eta okerren zeudenak sotoan babesten. Bi egun horiek oso gogorrak izan ziren. Giroa baretutakoan eta orduak eta egunak aurrera joan ahala tentsioa sortu zen, bueltan Libiara eramango ote genituen beldur zirelako. Orduan gure lana izan zen positibotasuna mantentzea eta beraien animoa altxatzen saiatzea.

Aita Mari

Aita Mari

Noraezean dagoen ontzi baten berri izandakoan, zein dira pausoak?

Noizbait ontziren batekin topo egin izan dugu. Hori gertatu zitzaigun adibidez azken aurreko misioan. Hala ere, oso arraroa da. Normalean pertsona migratzaileek eurek deitzen dute. Deia jasota, Alarm Phone gobernuz kanpoko erakundeak abisua bidaltzen die Italiari, Maltari, Libiari eta inguruan operatzen dauden itsasontzi guztiei. Orduan hasten gara bilaketa lanetan. Hori da pixka bat zaila ulertzea, batzuetan 6-8 ordu behar ditugu heltzeko puntu horretara. Tarte horretan arriskua dago Libiako kostazainak edo Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziaren bitartekoak lehenago iristeko. Kasu horretan, segituan bueltatzen dituzte.

Behin aurkitzen ditugunean, Aita Mariko motordun ontzi txiki bat gerturatzen da beraiengana. Lehen harreman horretan lasaitasuna transmititu behar zaie pertsona migratzaileei, ikusi zenbat pertsona dauden, umerik, haurdunik edo gaixorik dagoen… Gero lehenengo lana izaten da beti txalekoak banatzea. Behin hori eginda, 8-10 pertsonako taldeetan egiten da hustutzea. Denbora eskatzen du eta itsasoaren egoerak asko baldintzatzen du.

Gero portua esleitu arte zain egon behar…

Etsipen gehien eragiten duena isiltasuna da, erantzun falta. Zeinen uretan gauden argitutakoan herrialde horri eskatzen zaio baimena eta horrek erantzuten ez badu Italiaren atea jotzen dugu. Italiak esaten digunean zuen bandera espainiarra da Espainiak eman behar du erantzuna, orduan Espainiara jotzen dugu. Hor batak besteari pasatzen dio pilota eta gu bien bitartean erdian. Lurra begien aurrean eta ezin portura sartu, horrek suposatzen duen guztiarekin.

Erreskatatutako pertsona horiengan urduritasun handia eragiten du horrek eta oso ondo landu beharra dago beraiekin.

Baimena jaso ostean dator porturatzea…

Orain covid-19a tarteko asko luzatzen da, izan ere, proba egin behar da inor atera baino lehen. Haurdunak eta gaixo larriak ateratzen dituzte lehenengo eta behar izanez gero ospitalera eraman. Positiboren bat egonez gero, horiek azkena ateratzen dituzte. Adingabeak zentro berezietara eramaten dituzte eta helduak portuan dagoen ferry batean sartzen dituzte koarentena egitera. Tripulazioko kideok itsasontzian egin behar izaten dugu koarentena, aingura botata.

Aita Mari

Aita Mari

Zenbat pertsonak parte hartzen duzue misioan?

Azkenekoetan 12-13 pertsonak osatu dugu tripulazioa. Gehienez 15 izan gaitezke, baina une honetan ezin gara arriskatu gehiago izatera covid-19agatik. Beraz, 12-13ko lantalde horretatik zortzi dira profesionalak (ofizialak, lehen ofizialak, makinetakoak, kapitaina, marinelak eta sukaldaria) eta gainerako lauzpabost boluntarioak (medikua, erizaina, erreskaterako bi pertsona eta kazetaria).

Guztira, zenbat pertsona erreskatatu dituzue?

Hasi ginenetik, 2019ko lehenengo erreskatetik 530 pertsona inguru. Gure itsasontzia txikia da eta ez daukagu askoz gehiagorako aukerarik. Udako geldialdian ontzian egindako aldaketak tarteko, orain 120 beharrean 150 pertsona joan gaitezke.

Misio bakoitza zenbat kostatzen da?

Benetan ikaragarria da zer gastu suposatzen duen nabigazio egun bakoitzak eta nabigatu gabe portuan egondako egun bakoitzak, denak dauka kostua. Egun bakoitza garestia da Aita Marin. Tripulazioaren soldataz gain, erregaia, portuko tasak eta beste hainbat kontu hartu behar dira kontuan. Misio bakoitzak 100.000 euro inguru kostatzen da.

Zein da zuen diru-iturri nagusia eta nola lagun daiteke zuen proiektua?

Diru publikoa da gure iturri nagusia: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, hiru foru aldundiak eta udalak. Horrez gain, enpresak eta norbanakoak ere laguntzen gaituzte.

Aita Mari lagundu nahi duenarentzat aukera onena da SMHren webgunera sartzea eta bertan dauden aukerak kontsultatzea.

Besterik…

Nik dokumentala ikustera animatu nahi dut jendea, sentsibilizazio lan oso handia egin dezakeelako gure inguruan, ikusteko nondik datozen, zer arazo dauden… Batzuetan kritikak jasotzen ditugu zergatik ateratzen garen, zergatik ez, zergatik gauden portuan,…  Filmak laguntzen du hori pixka bat ulertzen eta nik uste dut hemendik landu behar dugula errespetua jende honenganako. Hemendik saiatuko gara sentsibilizazio lan hor egiten, ez haurrekin bakarrik, baita helduekin ere.

Korridore seguruak zabaldu behar dira eta beraiei ere aukerak eman guk bidaiatzen dugun moduan bidaiatzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Euskal Herria Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Errefuxiatuak albisteak gaur Giza eskubideak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Aita Mari ontzia