Gizartea -
Bilboko Metroa
Zuzendaritzak metro sistema hondamendira eraman nahi duela salatu dute
Langileen profesionaltasunaren alde egiteko eta gizartearen beharrei egokitutako zerbitzuei eusteko eskatu diote sindikatuek zuzendaritzari.
Erredakzioa
Metro Bilbaoko greba batzordearen esanetan, zuzendaritzaren “benetako asmoa orain arte ezagutu dugun metro sistema alferrik galtzea da”.
ELA, LAB, CIM, UGT eta ESK sindikatuek osatzen duten greba batzordeak prentsaurrekoa eskaini du gaur Ansio metro geltokian, Barakaldon. Zuzendaritzak bere “ezintasunak” langileei leporatzen dizkiela salatu dute.
Zuzendaritzak trenetako eta geltokietako zerbitzuak bere interesen arabera murriztu dituela salatu dute; ondorioz, tren gutxiago egoten da egunero, ez dago egun berezietarako “zerbitzu gehigarririk” eta “zerbitzuak emateko beharrezkoa den pertsona kopurua ere murriztu dute”.
Zuzendaritzaren arabera, metroko langileen absentismo maila altuak eragin ditu neurri horiek, ezinezkoa baita orain arte eskaintzen zuten guztia eskaintzen jarraitzeza, zerbitzu bereziak esaterako. Sindikatuen arabera, hori “ez da egia”.
“Adierazpenen bidez sua biziagotzen ari dira eta horrek tentsio handiko egoerak eragin ditu geltokietan”. Hori dela eta, “gezurrak esateari eta prentsan filtrazioak egiteari uzteko eta Metro Bilbao osatzen dugun langile guztien profesionaltasunaren alde egiteko” eskatu diote zuzendaritzari. Gizartearen beharrizanei erantzuten dien kalitatezko zerbitzuari eusteko eskaera ere egin diote.
Horrez gain, egoera salatu nahi dutenei eta langileekin elkartasuna agertu nahi dutenei gonbita egin diete, martxoaren 24rako ELA, CIM, UGT, LAB y ESK sindikatuek Bilbon deitu duten manifestaziora joateko. 17:30ean abiatuko da, Plaza Eliptikotik.