Gizartea -

Euri denboralea

Uholdeei aurre egiteko Plana bertan behera utzi dute EAEn, ibaien emaria "nabarmen" jaitsiko dela eta

15:00etan bukatu dira Bizkaian eta Gipuzkoa euriteengatik ezarritako abisu horiak. Eguraldia hobetu arren, ibaien arroen "zaintza intentsiboari" eutsiko zaiola iragarri du Erkoreka sailburuak.

Erkoreka, Aholku Batzordearen bileraren ondotik. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Erkoreka, Aholku Batzordearen bileraren ondotik.
Arratsaldeko 15:00etan larrialdi plana altxako du Jaurlaritzak

1:53

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak arratsaldean, 15:00etan, utzi du bertan behera Uholde Arriskuari Aurre Egiteko Larrialdietako Plan Berezia, aroak hobera egin eta ibaien emaria "nabarmen" jaitsiko dela eta.

Hala iragarri du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Euskadiko Uholde Arriskurako Plan Bereziaren Aholku Batzordearen bileraren ondotik. Batzarra Euskadiko Trafikoa Kontrolatzeko eta Larrialdiak Kudeatzeko Zentroan egin dute goizean, eta horren ondotik, prentsa aurrera agertu da sailburua.

Egoerak, meteorologikoak zein ibaien emariarenak, hobera egingo duela aurreikusi dute adituek, eta hala Plan Berezia desaktibatzea adostu dute. Ordu berean bertan behera geratu dira prezipitazio handi eta iraunkorrengatik Bizkaian zein Gipuzkoan ezarritako bi abisu horiak.

Hobekuntza gorabehera, ibaien arroen "zaintza intentsiboari" eutsiko zaiola azpimarratu du Erkoreka sailburuak. 

Azkenik, nabarmendu du "aurreikuspenak zuzenak" izan direla eta larrialdietako zerbitzuen "emaitza egokia" izan dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uholdeak Ibaiak