Gizartea -

Amaia Azkueren hilketa

Adingabeen legea gogortu behar da?

Amaia Azkueren hilketa argitzeko epaiketa hasi den egunean hiru adituk adingabeen legeaz hitz egin digute.

Amaia Azkueren hilketagatik epaiketa Argazkia: EFE
Amaia Azkueren hilketagatik epaiketa Argazkia: EFE
Amaia Azkueren hilketagatik epaiketa Argazkia: EFE

D.P.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaia Azkue ustez 17 urteko gazte batek hil izanak adingabeen legearen inguruko eztabaida piztu du, beste behin.

Azkueren krimenaren kasuan gainera bada haserrea are gehiago indartu duen beste xehetasun bat ere: ustezko hiltzaileak, krimena jazo zenean 17 urte zituen eta 18 urte bete behar zituen egunaren bezperan joan zen Donostiako Adingabeen Fiskaltzara eta Azkue berak hil zuela aitortu zuen.

Radio Euskadik adingabeen legea aldatzea beharrezkoa den ala ez galdetu die hainbat adituri.

Jaime Tapia Demokraziarako Epaileak elkarteko bozeramailea esaterako, urte askoan adingabeen epaile izandakoa, egun indarrean dagoen legea zorroztearen kontrakoa da. "Adingabeen legeak jasotzen dituen zigorrak oso gogorrak" direla iritzi dio.

Adingabe batentzat denbora heldu batentzat baino askoz handiagoa dela kontuan izan behar dela azpimarratu du Tapiak: "17-18 eta 27-28 urte artean erabakitzen dugu geure bizitza, bera, ez da gauza bera zortzi urteko zigorra 35 urte dituen bati ezartzea edota 17-18 urteko bati".

"Munduko herrialde guztietan adingabeen eskubideak hausnarketa horren harira babesten dira eta helduei dagozkien zigorrak baino iraupen laburragoa ezartzeko neurriak jasotzen dituzte", erantsi du.

Pablo Llanera Magistratuen Elkarte Profesionaleko eledunak bere aldetik hiru erreforma proposatu ditu: adingabeak eta helduak epaimahai berak epaitzea delitu berean parte hartu baldin badute, neurriak betetzeko gutxienezko epe bat ezartzea eta gizahilketa, bortxaketa edo hilketa delituetan zigor adina 14 urtetik behera ezartzea.

"13-14 urteko adingabeek egindako delituetan Estatuak ez dauka ekiteko aukerarik; hau da, adingabearen jokabidea zuzentzeko eta hezteko betarik", adierazi du.

Haren iritzian, "13-14 urteko delitugileen kasuan, delituaren araberako partehartzea ahalbideratu beharko litzateke. Agiri publikoen faltsutze delituetan, adibidez, ez litzateke beharrezkoa izango", esan du.

Miguel Alonso Belza Kriminologiako Euskal Institutuko ohorezko kide eta Zigor Zuzenbideko irakaslearen aburuz, ostera, Espainiako legedia beste herrialdeen parekoa da, eta zenbait kasutan, aurreratuagoa. Ildo horretan, zigorrak gogortzearen aurka azaldu bada ere, beste erreforma batzuen -adingabeak eta helduak batera epaitzea- alde dagoela gaineratu du.

Amaia Azkueren auziari dagokionez, berriz, ustezko hiltzaileak krimenaren berri 18 urte betetzeko bezperan eman izanak garrantzirik ez duela azaldu du, delitua egin zenean zenbat urte zituen baita kontuan hartzen dena. Dena dela, adingabeak krimena aitortzea zigorra arindu dezakeela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea