Gizartea -

Epaiketaren azken saioa

Maguetten hiltzaileak bi alabei eta familiari "barkamena" eskatu die

Auzia epaiaren zain geratu da astearte honetan. "Gertatu zitzaidana sekula berriz gertatuko ez zaidala ziur nago", adierazi du Bara N. akusatuak.

Bara N. akusatua. Argazkia: EFE
Bara N. akusatua. Argazkia: EFE
Bara N. akusatua. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bara N. akusatuak hitza hartu du epaiketaren azken saioan, Bizkaiko Auzitegian. Maguette Mbeugou emaztea Bilbon, 2018an, hiltzea leporatzen diote. Bi alabei eta biktimaren familiari "barkamena" eskatu die.

Auzia epaiaren zain geratu da astearte honetan. 39 urteko Bara N. senegaldarrari 2018ko irailaren 24an 25 urteko emaztea labanaz hiltzea egotzi zioten Bilboko Ollerieta kalean, 2 eta 4 urteko alaben aurrean. Gizonak etxebizitzatik alde egin zuenean, alabak gorpuarekin bakarrik geratu ziren etxe barruan. Biktima lepoa moztuta hil zen, gutxienez 83 labankada jaso ondoren.

"Gertatu zitzaidana sekula berriz gertatuko ez zaidala ziur nago", adierazi du akusatuak. Epaileak azken hitza eskaini dio, zinpeko epaimahaia erabaki bat hartzeko eztabaidatzera joan baino lehen.

Akusatuak emaztea borroka batean hil zuela esan du epaiketan, biktimak eraso egin ondoren. Gaur, ordea, 2 eta 4 urteko bi alabei "barkamena" eskatu die, baita aretoan zegoen biktimaren anaiari eta Maguette Mbeugouren familia osoari ere.

"Ez gaizki hartu, oso txarto eta oso urduri nengoen"

"Mundu guztiari" barkamena eskatu dio Bara N. akusatuak, familiari zein epaiketan zeudenei, lehen saioan, "egoera gainditu nahi dut", adierazteagatik. "Ez gaizki hartu, oso txarto eta oso urduri nengoen", erantsi du.

Biktimaren familia, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia ordezkatzen duten akusazio partikularrek eta Fiskaltzak 25 eta 44 urte arteko espetxe-zigorrak eskatu dituzte.

Konkretuki, fiskalak 25 urteko kartzela-zigorra eskatu du. Akusazio partikularrek, aldiz, 44 urteko zigorra eskatu dute. Azkenik, defentsak zortzi urteko espetxealdia eskatu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Herriak eta Hiriak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa