Gizartea -
Indarkeria matxista
Fiskalak eta akusazioek frogatutzat eman dute Mbeugouren erailketa eta 44 urtera arteko zigorra eskatu
Bizkaiko Aldundiak zigor eskaera aldatu du, hilketa barik, erailketa egotzita. Fiskalak barkamena eskatu dio Maguette Mbeugouren familiari, emakumeak babes eske joan eta sistemak "huts egin" zuelako.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Fiskaltzak eta akusazioek argi dute: Bara Ndiayek Maguette Mbeugou hil zuen. Epaiketan zehar hori frogatzen duten "froga nabarmenak" egon dira, euren ustez. Hala, 44 urtera arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte.
Mbeugouren hilketa matxistaren epaiketaren beste saio bat izan da gaur Bizkaiko Auzitegiko 2. Sekzioan. 25 urteko emakumea 2018ko irailaren 24a hil zuen ustez Bara Ndiaye senarrak, Bilboko bere etxean, bi eta lau urteko alabak aurrean zirela.
Aldeek euren ondorioak aurkeztu dituzte, eta behin betiko zigor eskaerak egin. Asteartean zinpeko epaimahairen esku geratuko da auzia.
Fiskaltzak 25 urteko kartzela eskaerari eutsi dio. Hitza hartzearekin bat, barkamena eskatu die fiskalak Maguetten senitartekoei. Aitortu duenez, emakumea "pertsona ausarta" izan zen Justiziarengana jo zuelako; sistemak, ordea, "huts egin zuen", deitoratu du.
Fiskaltzaren esanetan, Bara N. "modu bortitzean" hil zuen Maguette, maltzurkeriaz eta ankerkeriaz egindako erailketa leporatzen dizkio, genero eta ahaidetasun astungarriekin.
Familia ordezkatzen duen akusazio partikularrak 44 urtera igo du bere eskaera, alabei eragindako lesio psikologikoei beste zortzi urte gehituta. Hori horrela, Bilboko Udalak (herri akusazioa) egindako eskaerarekin bat dator Jone Goirizelaia abokatuarena. Udalak 25 urteko eskatu ditu erailketa delituagatik, beste hiru tratu txarrengatik, zortzi umeak abandonatzeagatik eta beste zortzi adingabeei eragindako lesioengatik. Udaleko abokatuak nabarmendu duenez, kasu honetan "ez dago biktima bakarra".
Bizkaiko Foru Aldundia ordezkatzen duen abokatuak ere eskaria aldatu du, hilketa barik, erailketatzat jo baitu gertatutakoa. 25 urteko kartzela zigorraz gain, tratu txarrengatik hiru urte eta umeak abandonatzeagatik beste zortzi galdegin ditu. Erantzukizun zibilagatik 900 000 euroko kalte-ordaina eskatu du, gainera.
Defentsak, azkenik, aitortu du gizonak Maguette hil zuela baina bere burua defendatzeko egin zuela argudiatu du. Zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du. Abokatuak "ausardia" eskatu die epaimahaiko kideei, eta gizonaren bertsioa sinesteko.