Gizartea -

MANIFESTAZIOA

Zarauzko trenbide berria euren etxeen ondo-ondoan egiten ari direla salatu dute bizilagunek

Trena lurperatzeko edo ibilbide alternatiboa egiteko eskatu dute bizilagunek. Udalak proiektua berrikusteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren menpeko den Eusko Trenbide Sareari.

Zarautzen izan den manifestazioaren burua. Argazkia: Xabier Urteaga | EITB Media
Zarautzen izan den manifestazioaren burua.
Zarautzen izan den manifestazioaren burua. Argazkia: Xabier Urteaga | EITB Media

XABIER URTEAGA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zarautz zeharkatzen duen trenbide sarean egiten hasi diren lanekin haserre daudela eta beste irtenbide bat nahi dutela aldarrikatu dute ehunka bizilagunek larunbat goizean egin duten manifestazioan.

Obra berriak amaitutakoan, Mitxelena auzoko bizilagunen etxeetatik gertuago pasako da trena, ondo-ondotik, eta auzotarrek diote pasabide gehiago egiteko aitzakian, euren bizkar egin dela proiektua. Gauzak horrela, trena lurperatzeko edo ibilbide alternatiboa egiteko eskatzen dute bizilagunek.

Itziar Aldabaldetreku, bizilagunen bozeramaileak azaldu duenez, "inork ezer esan gabe" jarri dituzte abian trenbidea bikoizteko obrak eta kexu dira ez Udalak ezta Eusko Jaurlarizaren menpeko den Eusko Trenbide Sareak ere ez dietelako argibiderik eman.

Aste honetan batzartu dira alkatearekin eta proiektuaren xehetasunak ezagutzeko "lanak egiten ari diren enpresei galdetzeko" esan die hark. Enpresarekin harremanetan jarri eta galdera eginda, "urtarrilerako bigarren trenbidea jarrita" egongo dela erantzun diete.

Gauzak horrela, Zarauzko udaletxearen aurrean amaitu dute manifestazioa, Udalak ere presioa egin dezan eskatzeko. Hain zuzen ere, Udalak proiektua berrikusteko eskatu dio Eusko Trenbide Sareari eta datorren astean berriz ere bilduko dira alkatearekin, erantzunik izan ote duen jakiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal hiriburuak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Zarautz Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak