Gizartea -
Epaiketa
Senarrak tratu txarrak ematen zizkiola baieztatu dute Mbeugou artatu zuten gizarte langileak eta medikuak
"Zalantzarik gabe, senarraren menpean bizi zen eta beldurra zion", adierazi du Maguette Mbeugou hainbat hilabetez artatu zuen Bilboko udaletxeko gizarte langileak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Maguette Mbeugouren hilketa argitzeko epaiketaren hirugarren saioan, hainbat hilabetez laguntza eskaini zion Bilboko Udaleko gizarte langileak eta bere familia medikuak deklaratu dute lekuko gisa. Biek baieztatu dute senarrak tratu txarrak ematen zizkiola eta haren mehatxupean bizi zela.
Hilketa matxista 2018ko irailaren 24an jazo zen Bilboko etxebizitza batean. Senarrak labankadaz hil zuen 25 urteko emakume gaztea, haren bi alaba txikiak aurrean zirela.
Fiskaltzak eta akusazio partikularrek -biktimaren anaia, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia- 40 urte inguruko kartzela-zigorra eskatzen dute akusatuarentzat. Defentsako abokatuaren esanetan, berriz, homizidioa izan zen eta, beraz, zortzi urteko espetxealdia galdegin du.
Hilketa gertatu baino bederatzi hilabete lehenago, Mbeugou Basurtuko Ospitalera eraman zuten antsietate-krisi baten ondorioz. Erietxean senarrak tratu txarrak -fisikoak, psikologikoak nahiz ekonomikoak- ematen zizkiola kontatu zien osasun langileei.
Harrezkero, Bilboko Udaleko gizarte langile baten laguntza izan zuen. Langile horrek gaurko saioan adierazi duenez, senarrak jo egiten zuen eta noizbehinka heriotza-mehatxuak egiten zizkion: "edo nire burua hiltzen dut, edo zu hilko zaitut".
Mbeugouk salaketa aurkeztu zuen genero indarkeria kasuetarako epaitegian eta babesa eskatu zuen, baina senarra absolbitu egin zuten eta babesik gabe geratu zen.
"Zalantzarik gabe, senarraren menpean eta haren kontrolpean bizi zen, eta beldurra zion. Dibortziatu egin nahi zuela argi esaten zuen, baina senarrak bi alabekin Senegalera ihes egingo zuenaren beldur zen", azaldu du.
Bikotearen familia medikuak ere antzeko adierazpenak egin ditu. Senarrak tratu txarrak eman zizkiola kontatu ziola eta negarrez etxetik ihes egiten laguntzeko eskatu ziola esan du.
"Oso larri zegoen eta ez zuen gehiago itxaron nahi", erantsi du. Gauzak horrela, medikua gizarte langileekin harremanetan jarri zen eta indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko protokoloa martxan zegoela jakinarazi zioten, baina "pixka bat" itxarotea komeni zela zehaztu zioten, "gizonak alabak kentzea ekiditeko".
Gaurko saioan akusatuaren atxiloketan eta hilketaren ikerketan parte hartu zuten ertzainek ere deklaratu dute.
Polizien testigantzaren arabera, emaztea hil ostean Mutrikun duen lagun baten etxera joan zen. Atxilotua izan aurretik leiho batetik ihes egiten saiatu zen. Hasiera batean, bikotearekin "arazo bat" izan zuela eta berak hil zuela aitortu zuen.
Alabaina, komisaldegian jarrera aldatu zuen: "isilik geratu zen eta begirada galdua zuen".
"Gertatzen ari zen guztiak berarekin zerikusirik izango ez balu bezala jokatzen zuen, eguraldia hitz egiten ariko baginen bezala. Bere alabei buruzko galderarik ez zuen egin; bere egoera zein zen soilik galdetu zuen", azaldu du ertzain batek.
Epaiketaren hurrengo saioa bihar egingo dute.