Gizartea -

HEZKUNTZA

Ikasgai guztiak gainditu gabe DBHn mailaz pasatu eta Batxilergoko titulua lortu ahalko da

Espainiako Gobernuak onartu duen dekretu berriak Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan (DBH), Batxilergoan eta Lanbide Heziketan izango du eragina. Ikasturte honetatik aurrera, ez dira errekuperazio azterketak egingo DBHn; bai, ordea, Batxilergoan.

Unibertsitatera sartzeko probak Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Artxiboko argazkia: EFE
Unibertsitatera sartzeko probak Nafarroako Unibertsitate Publikoan
Unibertsitatera sartzeko probak Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehen Hezkuntzan (LH), Bigarren Hezkuntzan (DBH), Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ebaluazioak egiteko, mailaz pasatzeko eta tituluak lortzeko irizpideak jasoko dituen errege-dekretua onartu zuen atzo Espainiako Ministroen Kontseiluak. Araudi berri horren arabera, ikasturte honetatik aurrera ez dira errekuperazio azterketak egingo DBHn; bai, ordea, Batxilergoan. Halaber, DBHko ikasleek bi ikasgai gainditu gabe mailaz pasatu ahalko dute, eta Batxilergoko ikasleek, ostera, titulua eskuratzeko aukera izango dute ikasgai bat gainditu ez arren.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH)

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari (DBH) dagokionez, ikasleek mailaz pasatzeko aukera izango dute, baldin eta irakasle-taldeak horrela erabakitzen badu. Zehazki, kontuan izango dute ikasgaiaren izaerak ikaslearen bilakaera arrakastatsua ahalbidetzen duela, errekuperaziorako aukerak daudela eta hurrengo mailara igarotzeak ikaslearen bilakaera hobetuko duela.

Edozein kasutan, gehienez ere ikasgai bat izan ahalko dute gainditu gabe.

Ikasturte amaierako errekuperazio azterketak desagertuko direnez, DBHn egingo den ebaluazioa "jarraitua, hezigarria eta integratzailea" izango da. Lehen Hezkuntzan gertatzen den bezala, irakasleek erabakiko dute ikasleek maila gainditzeko edo titulazioa lortzeko baldintzak betetzen dituzten ala ez.

Batxilergoa

Batxilergoko ebaluazioari dagokionez, "jarraitua eta ikasgaien arabera bereizia" izango da. Ikasleak lehen mailatik bigarrenera igaroko dira gehienez ere bi ikasgai gainditu ez arren.

Batxilergoko titulua lortzeko, Batxilergoko bi ikasturteetako ikasgai guztiak gainditu beharko dituzte. Salbuespen gisa, irakasleek Batxilergoko titulua lortzea baimendu ahalko diote ikasle bati ikasgai bat ez beste guztiak gainditu baditu.

Horretarako, baldintza batzuk bete beharko dira:

- Ikasleak titulu horri lotutako helburuak eta gaitasunak gainditzea.

- Ikaslea eskoletara joatea eta justifikatu gabeko faltarik ez izatea.

- Ikasleak azterketak eta beharrezkoak diren jarduerak egitea, errekuperazioak barne.

- Ikasgai guztietan lortutako batezbestekoa 5etik gorakoa izatea.

Lanbide Heziketa

Dekretu berri honek jasotzen duen beste berrikuntzetako batek Lanbide Heziketari eragiten dio. Aurrerantzean, Lanbide Heziketa guztiz duala izango da; hau da, ikasleek ikasketak egiten dituzten bitartean, praktikak egingo dituzte.

Gainera, Ministroen Kontseiluak 87 milioi euroko diru partida onartu du Lanbide Heziketarako.

Haur Hezkuntza

Bestalde, 2024ra arte, Haur Hezkuntzako 0-3 zikloan 64.000 plaza baino gehiago irekitzeko 660 milioi euroko diru partida bat onartu du Ministroen Kontseiluak. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Heziberri hezkuntza plana Gaurko albisteak Nafarroan EAE albisteak Espainiako Gobernua albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak LH albisteak Irakasleen albisteak