Gizartea -

Epaiketa

Pedro Nievaren emazteak adierazi du ez duela uste bera denik Ardinesen hilketaren arduraduna

Javier Ardinesen hilketa agindu izana egozten diote Pedro Nievari. Epaiketaren zortzigarren saioan, haren emazteak deklaratu du lekuko gisa bideokonferentzia bidez.

Javier Ardinesen hilketa argitzeko epaiketaren saio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Javier Ardinesen hilketa argitzeko epaiketaren saio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Javier Ardinesen hilketa argitzeko epaiketaren saio bat. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Ardines Llanesko IUko zinegotziaren hilketa argitzeko epaiketaren zortzigarren saioa egin dute gaur goizean Oviedoko epaitegian. Pedro Nieva zornotzarrari hilketa agindu izana leporatzen diote, eta gaurko saioan haren emazteak deklaratu du, lekuko gisa eta bideokonferentzia bidez.

Akusazioaren arabera, Nievak Ardines hiltzeko agindua eman zien bitartekari baten bidez kontratatu zituen bi sikariori (hiru horiek ere auzipetuta daude) bere emaztearekin harreman intimo bat zuela jakin ostean.

Emakumeak azaldu duenez, senarrarekin ez zegoen ondo, eta orduan hasi zen Ardinesekin harremanak izaten. Lau urtez izan zuten ezkutuko harremana.

Ardines hil egin zutela jakin zuenean, 2018ko abuztuaren 16an, "shock" egoeran geratu zela eta zer pentsatu ez zekiela esan du.

Instrukzioan, Guardia Zibilak bere senarra jeloskorra ote zen galdetu zioenean, hiltzailea bera izan zitekeela pentsatu zuela onartu du.

Alabaina, fiskalaren galderei erantzunez adierazi du ez duela uste hilketa hura berak agindu zuenik, eta erantsi du bere senarra ez zela pertsona oldarkorra, ezta kontrolatzailea ere.   

Halaber, ezkutuko harreman haren berri izan ostean, bere senarra "triste" ikusten zuela esan du, 24 urtez ezkonduta egon direla eta bi seme-alaba dituztela gogora ekarrita. Edonola ere, berretsi egin du senarrarengan ez zuela inoiz Ardinesenganako gorrotorik nabaritu.  

Ildo horretan, nabarmendu duenez, bere senarra "ez da oldarkorra, ezta mendekaria ere", eta gaineratu du hilketaren egunean Zornotzan egon zela esan ziola.

Bestalde, Ardinesen azazkaletan eta furgonetan emakume baten DNA arrastoak agertu ziren, baina lagun horrek ez du krimenarekin zerikusirik. Gaurko saioan deklaratu duten hiru guardia zibilek azaldu dutenez, bezperan sexu-harremanak izan zituen Ardinsekin, eta horregatik topatu zituzten horren arrastoak haren gorpuan.

Edonola ere, emakume horrek osteguneko saioan deklaratuko du, lekuko gisa eta ateak itxita, bere intimitatea bermatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zornotza Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Asturias Erailketak