Gizartea -

diabetesaren muduko eguna

Osakidetzak 2. motako diabetesa duten pazienteengana zabaldu nahi ditu glukosa monitorizatzeko gailuak

1. motako diabetesa duten 4.000 pazientek baino gehiagok erabiltzen dituzte jada glukosa etengabe monitorizatzeko gailuak EAEn, 18 urtetik beherako pazienteentzat finantzatzen dituen lehen autonomia erkidegoa izanik. Orain, Osakidetzak gailu horiek 2. motako pazienteengana zabaltzeko asmoa du.

Glukosa neurtzeko adabakia. Artxiboko argazkia: EITB Media
Glukosa neurtzeko adabakia. Artxiboko argazkia: EITB Media
Glukosa neurtzeko adabakia. Artxiboko argazkia: EITB Media

itxaso leon | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1. motako diabetesa duten 4.000 pazientek baino gehiagok erabiltzen dituzte glukosa etengabe monitorizatzeko 'Flash' gailuak Euskal Autonomia Erkidegoan. Gaur egun, gailu horiek 1. motako diabetesa duten 18 urtetik beherako pazienteentzat finantzatzen dituen lehen autonomia erkidegoa da. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurreratu duenez, ordea, horien erabilera intsulina-terapia intentsiboen bidezko tratamenduan dauden 2. motako pazienteengana zabaltzeko asmoa du orain Osakidetzak.

Gipuzkoako Diabetes Elkarteak gaixotasun horri eskainitako Munduko Eguna dela eta larunbat honetan Donostian antolatu duten biltzarraren inaugurazio-hitzaldian egin ditu adierazpenak Sagarduik. Haren ustez, diabetesaren aurkako jardunean "funtsezkoa" da ohitura osasungarrien bidezko prebentzioa, erakundeen konpromisoarekin, kalitatezko arretarekin eta elkarteen jardunarekin batera.

Diabetesaren errealitatea ere,  "benetako pandemiatzat" jo du sailburuak. Izan ere, mundu osoan hedatuta dagoen gaixotasuna da, eta "etengabe ari da hazten", baita Euskadin ere. Edonola ere, ondorioei dagokienez (konplikazioek eragindako morbimortalitatea kontuan hartuta), hobetze-zantzuak antzematen hasi dira.

Sagarduik azpimarratu duenez, prebentzioak "funtsezko garrantzia" du, diabetesaren kasuan bereziki, bizi-ohiturei "hertsiki lotuta" dagoen patologia izanik. Zentzu horretan, berretsi egin du Eusko Jaurlaritza elikadura osasungarria eta ariketa fisikoa sustatzeko garatzen ari den jarduketa-ildoetan sakontzearen aldeko apustua.

Lehentasun estrategiko hori euskal osasun publikoak eskaintzen dituen zerbitzuekin sinkronizatuta dago, bai Lehen Mailako Arretako profesionalek eskaintzen dutenarekin (prebentzioa, diagnostiko goiztiarra, tratamendua zein ikuskapena), bai Endokrinologiako zerbitzuekin (kasurik konplexuenen diagnostikoan eta tratamenduan bereziki). Diabetesari buruzko heziketa ematen duten erizainen zeregina ere aipatu du sailburuak, pazienteak bere gaixotasuna eraginkortasunez autokudeatu dezan lortzeko garaian.

Halaber, elkarteek diabetesa duten pertsonen bizitza hobetzera eta gizarte-sentsibilizazioko ekimenak bultzatzera zuzendutako bideak irekitzeko garaian betetzen duten "funtsezko zeregina" nabarmendu du Osasun sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna Osakidetza berriak Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa